Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Euskadik berriro ekin dio txertaketa prozesuari, Erregeen jaiaren ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Inokulazioak aurrera jarraitzen du adinekoen egoitzetan, bai langile soziosanitarioei dagokienez, bai zentro horietan bizi diren pertsonei dagokienez.

  • Osakidetzak berriro ekin dio adinekoen egoitzetako txertaketari

    Osakidetzak berriro ekin dio adinekoen egoitzetako txertaketari. Argazkia: EFE.

Atzo, urtarrilak 6, Errege egunean, izandako atsedenaldiaren ostean, Euskadik berriro ekin dio koronabirusaren aurkako txertaketa prozesuari. Covid-19aren aurkako antidotoa emateko prozesua abenduaren 27an hasi zen modu sinbolikoan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako hainbat egoitzatan 405 txerto inokulatuta.

Joan den hilaren 30ean hasi zen txertaketa masiboa, aurreko egunean Pfizerren 15.600 txerto jaso ondoren. Hernaniko Bexen Medical enpresak gorde zituen, behar diren baldintza egokietan mantentzeko.

Bigarren txerto sorta astelehenean, urtarrilaren 4an, iritsi zen Euskadira, beste 15.600 txertorekin, eta aste honetan zehar ematen jarraitu ahal izan dute.

Urtarrilaren 6a, Errege Eguna, etenaldia izan zen, eta, horren ostean, ostegun honetan inokulazioak aurrera jarraitzen du adinekoen egoitzetan, bai langile soziosanitarioei bai zentro horietan bizi diren pertsonei dagokienez.

Modernaren lehen dosiak

Datorren astearen amaieran helduko dira Espainiara Moderna txertoaren lehen dosiak, eta sei aste barru 600 000 dosi inguru jasotzea espero dute, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Iragarpen hori Europako Batzordeak asteazken honetan Europar Batasunean Moderna txertoa erabiltzeko baimena eman ostean egin dute; beraz, Kontinente Zaharrean emango den bigarrena izango da, abenduaren 21ean onartutako Pfizer eta BioNTech txertoei jarraituz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.