Gizartea
Elurra
Lau erreskate egin dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako mendietan
agentziak | erredakzioa
15 urteko neska bat da erreskatatutakoetako bat, eta snowboard egiten ari zen Pagoetako parkean (Aia, Gipuzkoa) erori eta helikopteroz eraman baino lehen.
-
Aiako Harriak Donostiatik. Argazkia: Efe
Ertzaintzak eta suhiltzaileek lau erreskate egin dituzte gaur Gipuzkoa eta Bizkaiko mendietan erori diren edo ondoezik sentitu diren pertsonengatik.
Erreskatatu dutenetako bat 15 urteko neska bat izan da. Snowboard egiten ari zen Aiako (Gipuzkoa) Pagoeta parkean, eta helikopteroz eraman dute. 12:30 aldera izan du ezbeharra, eta dirudienez, sorbalda apurtu du. Helikopteroz Donostiako suhiltzaileen basera, eta handik ospitalera eraman dute anbulantzian.
16:20 aldera ere abiatu da helikopteroa Aizkorritik behera erabat akituta eta hipotermiarekin zegoen mendizale bat erreskatatzera, Urbiako zelaietara, Zegaman (Gipuzkoa).
Hori baino lehenago, suhiltzaileek eta Ertzaintzak Larraitz inguruan (Abaltzisketa, Gipuzkoa) txorkatilan min hartu duen emakume bat ebakuatu dute. Anbulantzian eraman dute Zumarragako ospitalera.
Arratsaldeko ordu biak aldera, emakume bat eta 9 urteko alaba laguntzera joan dira Urkiolara (Bizkaia). Glukosa beherakada izan du neskatoak, eta Ertzaintzak eta suhiltzaileek artatu dute lekuan bertan, eta ez dute ospitalera eraman behar izan.