Gizartea
AURREKONTUAK
Nafarroak % 7,8 igo du Osasun Departamentuaren aurrekontua covid-19a geldiarazteko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehen Mailako Arreta eta osasun publikoa indartzeko eta itxaron zerrendak murrizteko duen "lehentasunezko" helburua ere islatzen du aurrekontuak.
-
Covid-19aren aurkako txertaketa zentroa Iruñean. Argazkia: EFE.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 2021erako prestatutako aurrekontua % 7,8 igo da, covid-19aren pandemiaren ondorioz, 1.253,82 milioi eurora iritsi arte eta "osasuna eta gizartea suspertzen hasteko funtsezko elementutzat" jo dira.
Hala adierazi du Sailak aurtengo aurrekontuen aurreikuspenak aurreratzeko kaleratutako ohar batean. Ohar horren arabera, "koronabirusaren eragina gorabehera, aurrekontuak Lehen Mailako Arreta eta osasun publikoa indartzeko eta itxarote-zerrendak murrizteko duen lehentasunezko helburua ere islatzen du".
Osasuna Nafarroako Gobernuaren "lehentasunetako bat" da, eta horren erakusgarri da Departamentuak Foru Erkidegoko aurrekontuen lau eurotik bat ( % 25,74) eskuratzen duela. Osasun arloan biztanle bakoitzeko gastua 1.897,18 eurokoa izango da aurten.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari 1.215,22 milioi euro bideratuko dituzte, 2020an baino % 7,9 gehiago, eta, horren barruan, Lehen Mailako Arretaren aldeko apustua nabarmendu behar da, % 14,02 igo baita aurrekontua. Bestalde, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako baliabideak % 3,6 hazi dira, 26,68 milioira iritsi arte.
Birusa geldiarazteko Osasun Departamentuak ahaleginen zati handi bat kapitalizatzen du; izan ere, 2020an, guztira 105,07 milioi euro bideratu ditu zeregin horretarako, eta beste 76,86 milioi euro proiektatzen ditu 2021eko kontuetan, pandemia lehen seihilekoan hobetzeko kalkulatutako egoera batean.
Langileen atala (639,97 milioi), % 6,69 hazkundearekin, koronabirusaren eragin handiena bereganatzen duena da. Gainerako epigrafeek 613,85 milioi euroko aurrekontua dute, iaz baino % 8,96 gehiago.