Gizartea
Gipuzkoa
Donostian desagertutako emakumearena da Aizarnazabalen aurkitu duten hilotza
L.Z. | G.P. | EiTB MEDIA
Aintzane Pujana da biktima. Urtarrilaren 1ean desagertu zen. Ertzaintza gorpua agertu zen inguruan ari da aztarnak bilatzen eta hipotesi guztiak zabalik daudela azpimarratu du.
Aizarnazabalen (Gipuzkoa) indarkeria zantzuekin aurkitutako hilotza Aintzane Pujana Echeverria donostiarrarena da. Urtarrilaren 1ean desagertu zen 32 urteko emakumea.
Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak gaur goizean Radio Euskadin azaldu duenez, oraindik ezin da baieztatu hilketa matxista izan denik. "Hipotesi guztiak daude zabalik", esan du.
11:00ak aldera aurkitu zuten gorpua, Urola ibaitik gertu lanean ari ziren behargin batzuek. Ertzaintza aztarna bila dabil hilotza agertu zen tokian, ibai ertzean nahiz uretan. Halaber, desagertuta egon zen egunetan zer egin zuen eta norekin egon zen argitzeko lanean ari dira.
Gauzak horrela, abenduaren 31n udalerri horretako landa-etxe batean egin zen jai batean egon ote zen ikertzen ari dira. Ertzaintzak 20 bat lagun identifikatu zituen segurtasun neurriak urratzea egotzita.
Ertzaintzaren zuzendariak goizean baieztatu du hilotzak labanaz egindako zauriak zituela, baina azpimarratu du autopsiak argituko duela hilketa nola gertatu zen.
"Aizarnazabalen jazotakoa ikertzen gabiltza, hilketarekin zerikusia duten pertsonak lehenbailehen epailearen aurrera eraman ahal izateko. Oraingoz, ordea, ez dugu inor atxilotu", zehaztu du Gartziak.
BIDEOA | Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendaria, Aizarnazabalgo krimenari buruz
Aizarnazabalgo Udalaren adierazpena
Bestalde, Aizarnazabalgo Udalak bere elkartasuna eta babesa helarazi dizkie Aintzane Pujanaren senideei eta lagunei une zail hauetan.
Ohar baten bidez, heriotza nola gertatu den ahalik eta azkarren argitzeko asmoz, Udalaren bitarteko guztiak Ertzaintzaren eskura jartzeko eta haiekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Mari Carmen Agirre alkatea.