Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboek berriro egin dute gora Nafarroan: 88tik 147ra
E.G. | EITB MEDIA
Horrenbestez, bezperan baino 59 kasu gehiago zenbatu dituzte, azaroko datuetara itzulita. Dena dela, positibotasun tasak behera egin du (% 6,5koa da).
-
Laborategiko langile bat, PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Berriro ere, gora egin dute covid-19aren kasuek Nafarroan. Igandean atzemandako 88 positiboetatik, 147 zenbatzera igaro dira astelehenean 2.274 proba diagnostiko egin ostean eta hildako bat izan da, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Horrenbestez, bezperan baino 59 kutsatze gehiago atzeman dituzte, azaroko datuetara itzulita. Nolanahi ere, positiboen tasak lau puntu pasatxo egin du behera: igandean % 10,6an zegoen, eta astelehen honetan % 6,5ean kokatu da.
Gainera, 10 ospitaleratze izan ziren, bat ere ez ZIUn, eta 87 urteko emakume bat hil zen.
Bestalde, Nafarroak jarraitzen du izaten, beste astebetez, biztanleriarekin alderatuta covid-19a atzemateko proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa: 805,84 mila biztanleko, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 481,11 da mila biztanlekoa da.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positibo berrien % 73 erregistratu zituzten, Tuteran % 12 eta Lizarran % 8. Gainerako positiboak (% 7) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien pilatzen dituzten gune eta udalerriei dagokienez, Iruñeko auzoak dira gehienak. Sarrigunenek eta II. Zabalgunean 12na kutsatze atzeman dituzte; Mendillorrin, bederatzi, eta Txantrean eta Donibanen, zortzina. Barañainek osatzen du zerrenda, zazpi kasurekin.
Hain justu, Iruñeko taberna batean abenduaren 29tik urtarrilaren 3ra egondako pertsona orori PCR proba egiteko deia egin die Osasunbideak. Gaztelu Plazan dagoen Subsuelo tabernako langile batek eta hainbat bezerok positibo eman dute, eta hori dela eta erabaki dute baheketa egitea.
Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, osasun-sistema publikoko profesionalei dagokienez, 46 positibo aktibo daude gaur egun, eta azken astean 16 kutsatze berri izan dira.
Azken egunean erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 45 eta 59 urte artekoak (% 25) eta 15 eta 29 urte artekoak (% 22) dira. Ondoren, 30-44 urtekoen taldea dago, % 20rekin; eta 60-75 urtekoena, % 13rekin. Azkenik, 15 urtetik beherakoen eta 75 urtetik gorakoen taldeak daude, biak kutsatu berrien % 10ekin. Positibo berrien batez besteko adina 43,4 urtekoa da.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 123 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino hiru gutxiago; horietatik 19 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bi gutxiago), eta beste 24 etxeko ospitaleratzean (atzo baino sei gutxiago). Gainerakoak, 80 gaixo, ospitaleko gela arruntetan daude (atzo baino bost gehiago).
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko txostenen arabera eta Osasun Ministerioaren datuekin hileroko doikuntza egin ondoren, 42.975 kasu izan dira Nafarroan, eta guztira 974 heriotza zenbatu dituzte.