Gizartea
Koronabirusa
Udalerriak itxi eta saltokietan murrizketak ezarriko ditu Kataluniak
L.Z. | EiTB MEDIA
400 metro karratu baino gutxiago duten saltokiak soilik irekiko dituzte. Merkataritza guneak eta gimnasioak itxita egongo dira.
-
Kontrola, Kataluniako errepide batean. EFEren artxiboko irudia
Kataluniako Gobernuak covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak zorroztuko ditu urtarrilaren 7tik aurrera, hamar egunez. Hala, udalerriak itxita egongo dira eta merkataritza guneek eta gimnasioek ez dute irekitzeko baimenik izango. Gainera, osasun langileei txertoa jartzen hasiko dira aurki.
Horixe da Alba Verges eta Miguell Samper Osasun eta Barne kontseilariek astelehen honetan iragarri dutena. Horrekin lortu nahi dutena da "birusa kontrolatzea". Horretarako, neurri gehiago ere proposatu dituzte; besteak beste, asteburuetan, ezinbesteko produktuak saltzen dituzten dendak soilik zabaltzea.
Esan bezala, hamar egunez itxiko dituzte Kataluniako udalerri guztiak, salbuespenak salbuespen: lana eta ikasketak, osasunarekin lotutako larrialdiak edo pertsona nagusien zainketa. Horretarako, baina, ziurtagiria beharko dute herritik irteteko beharra dutenek.
Asteburuetan ere ez da salbuespenik izango, hau da, urtarrilaren 7tik 18ra ezingo da udalerritik irten.
Halere, Samperrek zehaztu du ohiko bizitokira itzultzeko bada, baimenduta egongo dela Kataluniatik ateratzea. Besteak beste, Gabon festak bertan igaro dituzten pertsonengan izango du eragina salbuespen horrek.
Gainera, Barne kontseilariaren esanetan, gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko neurriak hartuko ditu Gobernuak, eta aurki emango dute horien berri, beharbada astelehen honetan bertan.
Merkataritzari dagokionez, asteburuetan ezingo dituzte ateak ireki ezinbesteko produktuak saltzen ez dituzten dendek. Astean zehar, berriz, 400 metro karratu baino gutxiago duten saltokiak soilik irekiko dituzte, eta merkataritza guneak zarratuta egongo dira.
Ostalaritzan ez dute aldaketarik aurreikusi, ezta kulturan ere. Kirol jarduerak, aitzitik, ezingo dira inolaz ere toki itxietan egin.