Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroak 88 covid-19 kasu berri atzeman ditu, eta % 10,6ra igo da positiboen tasa
L.Z. | EITB MEDIA
Guztira 827 PCR eta antigeno proba egin zituzten igandean, eta horietatik 88k eman zuten positibo.
Berriro ere, gora egin dute covid-19 kasuek Nafarroan. Hain zuzen ere, 88 positibo berri atzeman dituzte igandean, aurreko egunean baino 22 gehiago.
Guztira 827 PCR eta antigeno proba egin zituzten igandean, eta horietatik 88k eman zuten positibo. Horrek esan nahi du positiboen tasa % 10,6ra igo dela azken orduetan, Nafarroako Osasun Publiko eta laboraleko Institutuak (ISPLN) emandako datuen arabera.
Pandemiaren bilakaerari buruzko ikuspegi epidemiologikotik, ISPLNk dio atzo ez zela gaixotasun horrekin lotutako ospitaleratze berririk izan Foru Erkidegoan, ezta zainketa intentsiboetako unitateetan ere.
Era berean, atzo ez zen gaixotasun horren ondoriozko heriotzarik izan, baina aurreko egunetan bi hildako izan zirela jakinarazi dute, 38 eta 85 urteko bi gizon.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 55 erregistratu zituzten, Lizarran kasuen % 11, eta Tuteran kasuen % 8. Gainerako positiboak (% 26) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Azken egunean erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 eta 29 urte artekoak (% 31) eta 45 eta 59 urte artekoak (% 30) dira. Jarraian, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea dago (% 16), eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 9). Azkenik, 15 urtetik beherakoen eta 75 urtetik gorakoen taldeak daude, kutsatu berrien % 7, hurrenez hurren. Positibo berrien batez besteko adina 41 urtekoa da.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 126 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino hiru gutxiago); horietatik 21 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo bezala), eta beste 30 etxeko ospitaleratzean (atzoko kopuru bera). Gainerakoak, 75 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino hiru gutxiago).
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko txostenen arabera eta Osasun Ministerioaren datuekin hileroko doikuntza egin ondoren, 42.828 kasukoa da Nafarroan, eta heriotzen kopuru osoa 973koa da Nafarroan.