Gizartea
KORONABIRUSA
BioNTechi txertoen ekoizpena handitzen laguntzeko prest agertu da Europar Batasuna
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europaren txertaketa-erritmo motelari aurre egiteko, BioNTechek ekoizpena handituko duela iragarri du. Gainera, aste honetan bertan Europako Sendagaien Agentziak Modernaren txertoa onartzea espero da.
-
Pfizer-BioNTechen txertoa. Argazkia: EFE
Europar Batasuna (EB) prest dago BioNTech enpresa alemaniarrari covid-19aren aurkako txertoaren ekoizpena handitzen laguntzeko, munduko ekoizpen-ahalmen eskasiaren ondorioz gertatzen ari diren arazoen aurrean. Hala esan du Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak: "Gure ustez, mundu guztia txertaketaren erritmoari begira dago. Une honetan, botila-lepoa ez da eskaeren bolumenagatik sortu, baizik eta ekoizteko gaitasunik ez dagoelako munduan. Horixe gertatzen ari zaio BioNTechi".
BioNTech enpresak Pfizer estatubatuarrarekin garatutako txertoa da orain arte Europar Batasunean baimendutako bakarra, eta biztanle guztiak immunizatzeko eskasia dago une honetan. Horregatik, txertaketen moteltasunaren inguruko kritikak asko hazten ari dira, Alemanian eta Frantzian, batez ere. Pirinio Atlantikoetan, adibidez, txertaketa ez da hasiko astelehenera arte.
Egoera horretan, BioNTechek atzo iragarri zuen ekoizpen-gaitasuna handituko duela, eta egungo eskasia, neurri batean, Europar Batasunaren erosketa-politikari egotzi zion, prozesu hori munduko beste leku batzuetan baino motelagoa izan dela argudiatuz.
Europako Batzordeak 100 milioi euro eman zizkion BioNTech enpresari txertoa garatzeko eta 200 milioi dosi lotu zituen abenduan. 100 milioi dosi gehiago erosteko aukera ere badu.
Kyriakidesek gogorarazi duenez, Europar Batasunarekin kontratuak dituzten beste fabrikatzaile batzuen txertoak onartzear daude eta, hautagai guztiek oniritzia jasotzen badute, Europak 2.000 milioi dosi baino gehiago izango ditu eskuragarri. Bruselak lortutako dosiak modu proportzionalean banatzen dira gero herrialdeen artean.
Pfizer-BioNTech txertoaz gain, Europako Sendagaien Agentziak, hilabete honetan, urtarrilaren 6an hain zuzen ere, onartuko du Moderna estatubatuarrarena. AstraZenecak eta Oxfordek garatutakoak (Erresuma Batuan jada baimenduta dago), ordea, oraindik ez du EBn baimenik eskatu, baina laster egitea espero da.