Gizartea
Koronabirusa
Kutsatzeen datuak mantentzen badira, hilaren 11ra arte ez da neurri berririk ezarriko
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, gaitzaren bilakaeraren arabera hartuko dituzte erabakiak, baina "LABIren hurrengo bilera hilaren 11n izatea izango litzateke logikoena".
-
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko argazkia: EFE
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, covid-19ak eragindako kutsatzeen datuak azken egunetan bezala mantentzen badira, urtarrilaren 11ra arte ez da mugikortasuna murrizteko neurri berririk ezarriko.
Zupiriak nabarmendu duenez, gaitzaren bilakaeraren arabera hartuko dituzte erabakiak. "Azken asteotan bezala jarraituko balu, egunez egun ditugun datuekin, LABIren hurrengo bilera urtarrilaren 11n izatea izango litzateke logikoena, eta orduan iragarriko lirateke datozen hilabeteetan ezarri eta bete beharreko neurriak", adierazi du SER irrati katean.
Ildo horretatik, lehendakariaren asmoa datuak egunero aztertzen jarraitzea dela esan du, "hainbat egunetako datuen bilakaerarekin, kutsatzeak behera egiten duen edo egonkortzen ari den adierazten duenak, edo egun gutxiren buruan kontrakoa gerta litekeen, dena oso azkar aldatzen delako".
"Orain arte gaitza hainbeste jasan ez duten herrialdeetan aurreiusi ez den bilakaera dagoela ikusten ari gara. Hori dela eta, kutsatzeen, ospitaleratzeen eta heriotzen tasa altuak ematen ari dira. Hemen zein gure inguruan gertatzen denaren arabera hartuko dira erabakiak", esan du.
Horrenbestez, orain, etorkizunari "beste modu batera" heldu behar diogula nabarmendu du Zupiriak, baina "aste eta hilabete askotan kontu handia izaten jarraitu beharko dugu gure jokabideetan".
Bere ustez, 2021erako "lehentasuna" gaixotasunari aurre egitea da. "Txertoek itxaropen leiho bat ireki digute; dosiak iritsiko dira eta nolabaiteko immunitatea sortuko dute, baina espero dut guztiok arduratsuak izaten jarraitzea eta errespetatu beharreko neurri guztiak betetzea", gaineratu du.
Halaber, hasieran "ezezaguna" zen gaixotasun honi aurre egin behar izan dioten osasun langileengan "konfiantza osoa" duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.