Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covidaren eraginak handia izaten jarraitzen du EAEn, % 6,7ko tasa eta 490 kasurekin

I. G. | EITB MEDIA

Bizkaian 235 positibo berri zenbatu zituzten, aurreko egunean baino 6 gutxiago; Gipuzkoan 163, 26 gutxiago, eta Araban 82, 18 gehiago. 35 lagun ospitaleratu dituzte, eta ZIUn ez da aldaketarik izan.

  • PCR proba

    PCR proba. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirusak Euskadin duen eraginak goranzko joera mantendu du azken 24 orduotan, 490 positibo berri erregistratu baitira urteko azken egunean. Gainera, kutsatze-tasa % 6,9ra igo da, aurreko egunotan % 6 inguruan egon ostean.

Ostegunean zebatutako kopurua aurreko egunekoa baino txikiagoa izan da, 18 gutxiago zenbatu baitira. Ostegunean 1.213 proba gutxiago egin zituzten, guztira 7.111 izan ziren, asteazkeneko 8.324 proben aurrean, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Egindako testetan agertutako positibo tasa % 6,9koa da, aurreko bi egunetan baino altuago, hain zuzen, % 6 eta % 6,1ean kokatu zen.

Abenduan, egun bakar batean egon da tasa atzokoa baino altuago, zehatz-mehatz, 11an, % 7,2koa izan baitzen.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, bere horretan mantendu da ZIUn dauden pertsona kopurua: 79 (aurreko bi egunetan bezalaxe). Aldiz, ospitaleratu berriak 35era igo da, asteazkenean 28 izan ostean.

Lurraldeka, Bizkaian 235 positibo berri zenbatu zituzten, aurreko egunean baino 6 gutxiago; Gipuzkoan 163, 26 gutxiago, eta Araban 82, 18 gehiago. Era berean, 10 positibo berri izan dira bizilekua Euskaditik kanpo dituzten pertsonen artean.

Astelehenera arte ez dituzte datuak eguneratuko, ezta Euskadiko intzidentzia metatua, herriz herrikoa, eta R0 indizea ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.