Itxi

Gizartea

Zaldibar

Beltranen bilaketa lanak laster berrabiaraziko dituzte zabortegiko beste eremu batean

agentziak | eitb media

Lehenetsi dituzten lau eremuetatik aztertuko duten hirugarrena da, eta garbiketa eta lurra egonkortzeko lan batzuen ostean berrekingo diote bilaketari.

  • Hondeamakinak bilaketa lanetan, Zaldibarren. Argazkia: Efe

    Hondeamakinak bilaketa lanetan, Zaldibarren. Argazkia: Efe

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak azaldu du Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian lurperatuta dagoen langilearen bilaketa lanak laster berrabiaraziko dituztela hirugarren eremu batean. Lehenengo bietan ez dute bere arrastorik aurkitu.

Erkorekak gogora ekarri duenez, otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian desagertu ziren langileak bilatzeko "lehentasunezko lau eremu" zehaztu zituzten, eta horietako bi dagoeneko aztertu dituzte, "arrastorik topatu gabe".

Bigarren eremua baztertuta, bilaketa lanak hirugarrenera bideratuko dituzte, garbiketa eta lurra egonkortzeko lan batzuen ostean.

Erkorekak azaldu du lehenengo eremua Joaquin Beltran azkenekoz ikusi zuten lekuari dagokiola, eta horrek agerian uzten omen du posible dela "beste leku batera joan ahal izana".

Dagoeneko arakatu dute joan izan zitekeen eremuetako bat, emaitzarik gabe, eta orain hirugarrenarenaren txanda da.

Joaquin Beltran Alberto Sololuzerekin batera zegoen zabortegia behera etorri zenean, baina bigarrenaren gorpuzkiak abuztuan aurkitu zituzten.