Gizartea
Koronabirusa
82 milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira Covid-19a antzeman eta urtebetera
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1.805.035 pertsona hil dira mundu osoan, eta AEBak dira kutsatu eta hildako gehien izan dituen herrialdea.
-
Urtebete igaro da birusa lehenengoz antzeman zutenetik. Argazkia: Pexels.
John Hopkins Medikuntza unibertsitatearen (JHU) arabera, 82.709.354 pertsona baino gehiago kutsatu dira Covid-19az, eta 1.805.035 hil dira mundu osoan, lehen aldiz detektatu eta urtebetera.
Urtebete igaro da Txinako agintariek Munduko Osasun Erakundeari (MOE) Wuhan hirian pneumonia bitxi bat agertu zela jakinarazi ziotenetik.
Koronabirusaren berri izan eta hilabetera, MOEk nazioarteko larrialdi egoera ezarri zuen. Hala ere, osasun-krisia ez zen pandemiatzat hartu martxoaren 11ra arte.
Kutsatuak
JHUren datuei erreparatuz, Ameriketako Estatu Batuak dira kutsatu gehien izan dituen herrialdea (19.740.471). Bigarrena, India 10.266.674rekin; eta hirugarrena, Brasil 7.619.200rekin.
Europari begira, Errusian erregistratu da kutsatze kopuru handiena (3.100.018); ondoren, Frantzian (2.657.624), eta, hirugarrenik Erresuma Batuan (2.440.202).
Latinoamerikan, Kolonbia (1.626.461), Argentina (1.613.928) eta Mexiko (1.413.935) zenbatu dira kutsatze gehien, Brasilen atzetik.
Hildakoak
AEBk izan ditu hildako gehien (342.395); ondoren Brasil, (193.875); jarraian, India (148.738), eta, segidan, Mexiko (124.897) eta Italia (73.604).
Europan hildakoak gutxiago izan dira, Italia kenduta: Erresuma Batua (72.657), Frantzia (64.508), Errusia (55.692) eta Espainia (50.689).