Gizartea
Koronabirusa
Chivite: "Amaieraren hasiera da, baina hasiera besterik ez da"
EITB Media
Francisco Guerrero Cana iruindarra izan da covid-19aren aurkako txertoa jaso duen lehen pertsona Nafarroan. 70 urte ditu, eta 2012. urtetik Iruñeako El Vergel egoitzako egoiliarra da.
-
Maria Chivite, Nafarroako presidentea, eta Santos Indurain, Osasun kontseilaria. Argazkia: EFE
Igande honetan covid-19ren aurkako txertaketa-kanpaina hasi da Nafarroan, eta 143 dosi prestatu dituzte guztira El Vergel egoitzako egoiliarrentzat. Iruñean dagoen zahar-etxe hori, Nafarroako Gobernuaren zentro soziosanitarioa da.
Maria Chivite Nafarroako presidentearen hitzetan, gaurkoa "itxaropen eta ilusio" handiko eguna da, baina ohartarazi du ezin direla prebentzio neurriak alde batera utzi. "Amaieraren hasiera da, baina hasiera besterik ez da, oraindik hilabete batzuk geratzen zaizkigu koronabirusarekin elkarbizitzen", onartu du presidente nafarrak.
Maria Chivitek, era berean, eskerrak eman dizkie osasun sistemako eta erresidentzietako langileei; "covid-19aren aurka lehen lerroan egon dira, erresidentzietako egoiliarren ondoan, eta horiexek dira pandemia gogorren pairatu dutenak". Chivitek, Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria izan ditu ondoan.
Hain zuzen ere, Francisco Guerrero Cana iruindarra izan da covid-19aren aurkako txertoa jaso duen lehen pertsona Nafarroan. 70 urte ditu, eta 2012. urtetik El Vergel Iruñeako egoitzako egoiliarra da.
Lehen dosia jaso ondoren "pozik" agertu da, eta txerto horrek "poztasun handia" sortu duela adierazi du. Halaber, eskerrak eman dizkie egoitzako langileei, "etengabe lan egin dutelako".
Dosia jaso ondoren, egoiliarrak 15 minutuz egon dira behaketan. Gogoan izan behar da txertoa eraginkorra izateko bi dosi hartu behar direla, eta bigarrena, gutxi gorabehera, lehenengoa jaso eta 21 egunera emango dela.
Datozen egunetan Nafarroako gainerako zentro soziosanitario publiko eta pribatuetan jarraituko du txertaketa kanpainak, harik eta urtarrila eta otsaila bitartean gune horietan bizi diren 13.000 pertsonak eta bertako profesionalek txertoa hartu arte.
Txertaketa-estrategia
Datorren urteko lehen hiruhilekoan 36.000 pertsona ingururi txertoa jartzeko asmoa du Osasun Departamentuak, betiere Espainiar Estatuarekin koordinatuta eta txertoen eskuragarritasunaren arabera. Lehen fase horretan, zentro soziosanitarioetako biztanleei kolektibo profesional eta sozialak gehituko zaizkie. Martxotik aurrera, gainerako herritarrei txertoa jartzen hasiko lirateke, arrisku taldeen arabera eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ezartzen dituen jarraibideen arabera.
Txertaketa-estrategia lehentasunezko lau taldetan banatzen da lehen etapa honetan. Zehazki, lehen taldea egoiliarrak eta egoitzetan lan egiten duten langileak dira. Horren atzetik, bigarren talde bat dago, covid-19a duten pazienteak zuzenean artatzeagatik birusarekiko esposizio-arrisku handiagoa duten osasun-langileek eta langile soziosanitarioek osatua. Hirugarren taldean, berriz, gainerako langile sanitarioak eta soziosanitarioak daude. Azkenik, laugarren taldean sartzen dira mendekotasun handikotzat jotzen diren pertsonak eta haien zaintzaileak.
Lehentasunezko lau talde horiek bete ondoren, txertaketa-kanpainaren bigarren fasea biztanleria orokorrari egokituko zaio, eta berriz ere etapa progresiboetan sailkatuko da, arrisku-taldeen arabera.