Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Eskola kirola berreskuratzeko eskatu die Bultza Kirola Euskadi elkarteak agintariei

Agentziak | EITB Media

Goizeko prentsaurrekoan salatu dutenez, kirol jarduera mugatzen duen egungo araudia "negatiboa eta alferrikakoa" da, martxotik kirola erregulartasunez egiteko aukerarik ez duten promesak sortzeko.

1:44
Eskola kirola berreskuratzeko eskatu die Bultza Kirola Euskadi elkarteak agintariei

Bultza Kirola Euskadi plataformak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 500 bat kirol erakunde biltzen dituen erakundeak, kirola "funtsezko jardueratzat" hartzeko eta eskola-adinean praktikatzeko aukera ematea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Larunbat honetan Bilboko Arriaga Antzokiko plazan egindako agerraldian, plataformako ordezkariak kezkatuta agertu dira Euskadin kirolak eta, batez ere, eskola-kirolak gaur egun bizi duten egoerarekin, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako neurri murriztaileak direla eta.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak lanbidetzat edo profesionaltzat hartzen ez den lehiaketa ororen debekuari eusten dio, eta eskola-kiroleko jarduerak ere etenda daude.

Testuinguru horretan, covid-19aren aurkako protokoloen arabera garatutako kirol jarduera orok, kutsadurei eta agerraldiei dagokienez "ia arriskurik ez" duela frogatu dela nabarmendu du elkarteak. Gainera, "pandemiaren aurka kirolak duen eragina erakusten dute ikerketa guztiek, hain osasungarriak ez diren ohiturak gutxitzen dituelako eta kasu positiboetan gaixotasuna gainditzen laguntzen duelako, besteak beste".

Hori dela eta, kirola "funtsezko jardueratzat" hartu behar da, izan ere, "lehentasuna" eman zaion hezkuntza arautuaren parte da. "Kirola osasuna da, eta agerian geratu da ikastetxeetan eta institutuetan ingurune seguruak sortzea posible dela, beraz, gure kirol modalitate ezberdinetan ere posible da", azpimarratu dute elkarte horretako ordezkariek.

Goizeko prentsaurrekoan salatu dutenez, kirol jarduera mugatzen duen egungo araudia "negatiboa eta alferrikakoa" da, martxotik kirola erregulartasunez egiteko aukerarik ez duten promesak sortzeko, eta "ez da beharrezkoa", kutsatzeko arriskua beste jarduera batzuen azpitik dagoelako.

Bestalde, ildo horretan Eusko Jaurlaritzari hainbat idatzi helarazi ondoren, erantzuna beti neurriak berriz aztertuko zirela izan dela salatu dute, baina "inoiz ez dute erantzun zergatik ez den eskola-kirola onartzen".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.