Gizartea
Koronabirusa
Urtezahar-gauerako neurriak zorroztu ditu Nafarroak
E. L. | EiTB Media
Bi elkarbizitza talde ezberdineko sei pertsona elkartu ahal izango dira mahai inguruan gehienez, eta etxeratze-agindua 23:00etan izango da. Gainera, Foru Erkidegoaren mugek itxita jarraituko dute
-
Iruñeko tren geltokia. Argazkia: EFE
Nafarroak ez ditu urte bukaeran covid-19ari aurre egiteko neurriak erlaxatuko, azken egunetako bilakaera epidemiologikoa ikusita. Egunean 100 positibo berriak gainditzen ari dira berriro Foru Erkidegoan.
Horrela, bi elkarbizitza talde ezberdineko sei pertsona elkartu ahal izango dira mahai inguruan gehienez, eta etxeratze-agindua 23:00etan izango da. Gainera, Foru Erkidegoaren mugek itxita jarraituko dute, Nafarroako Gobernuak baieztatu duenez.
Presidentearen Foru Dekretua argitaratuko dute astelehenean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Bestalde, ostalaritza, saltoki, ikuskizun, adinekoen egoitza edo kirol praktika mugatzeko aforoak eta murrizketak ez dituzte oraingoz aldatuko.
Azken egunetan covid-19 positibo berriak areagotu direla antzeman du Osasun Departamentuak, "eta kezkagarriagoa dena, goranzko joera argia eta bistakoa da", iturriek azaldu dutenez.
Intzidentziak behea jo zuen abenduaren 11an, 100.000 biztanleko 179 positiborekin, baina abenduaren 24an 190 kasu berri ziren jadanik, eta larunbat honetan 200 inguru.
Era berean, PCR proben positibotasun indizea % 3,3koa zen abenduaren 22an, % 5,3ko 24an eta % 7,1ekoa atzo.
Bestalde, oinarrizko indizeak (Rt) gora egin du, kutsatu batek eragiten dituen kasu berriak, alegia. Hilabete erdialdera 0,67koa zen, eta abenduaren 23an 0,92koa.
Adierazle epidemiologiko nagusiek okerrera egin dutela ikusita, urte bukaerarako aurreikusita zituen salbuespenak kentzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, osasun arduradunek proposatu ostean. Helburua kutsatzeak "ahalik eta gehien" prebenitzea eta "Eguberri osteko balizko olatu berriari aurrea hartzea" da.
Osasun Departamentuak ohartarazi duenez, hirugarren olatu batek "ondorio larriak" izan ditzake heriotzetan, osasun sisteman eragin eta beste beharrizan eta patologia batzuk artatzeko orduan, baita ondorioak ekonomian eta bizitza sozialean ere. Nafarroan egoerak okerrera egiten baldin badu, "negozioak berriz itxi, aforoak berriro mugatu eta atzean utzitako murrizketa berrezartzea" beharrezkoa izan daitekeela gogorarazi dute.