Gizartea
Koronabirusa
Positibotasun tasa % 6,2ra igo da EAEn
I. G. | EITB MEDIA
Atzo 3.686 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko egunekoen erdia, eta 228 positibo atzeman ziren.
-
PCR proba. Artxiboko irudia: EFE
Covid-19aren positibotasun tasak gora egin du berriro azken 24 orduetan EAEn, bigarren egunez jarraian, eta % 6,2an kokatu da, aste osoko daturik txarrena.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, joan den ostiralean, Eguberri egunean, 3.686 proba diagnostiko egin ziren, aurreko egunekoen erdia, eta 228 pertsonak eman zuten positibo; ostegunean, berriz, 410 izan ziren.
Positibotasun tasa % 6,2koa da, ostegunekoa baino puntu erdi handiagoa, eta joan den igandeko maila berean kokatu da, aurreko egunetako datuekin alderatuta gorakada izan zenean.
EAEko ospitaleetako ZIUetan 84 gaixo zeuden larri ostiral honetan, ostegunean baino bost gutxiago. Gainera, 23 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino 16 gutxiago.
Bizkaiko egoitzetan hiru adineko hil dira azken bi egunetan. Dagoeneko 126 hil dira pandemiaren bigarren olatuan. Beste 138 adineko kutsatu dira.
Gipuzkoako egoitzetan bi hildako izan dira azken orduetan. Bigarren olatuan 123 hil dira jadanik.
Donostiako Villa Sacramento eta Aretxabaletako Debagoiena egoitzetan hil dira adinekoak. Beste zortzi, aldiz, sendatu dira.
Bestalde, azken orduetan 83 covid-19 kasu gehiago zenbatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak ostiral honetan emandako datuen arabera. Aurreko egunean, berriz, 104 koronabirus kasu atzeman zituzten.
1.172 PCR eta antigeno proba egin dituzte guztira, eta horien % 7,1ek eman du positibo. Beraz, positibotasun tasa aurreko egunean baino altuagoa izan da (% 5,3 izan zen ostiralean).