Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gaur hasiko da Hego Euskal Herrian covid-19aren aurkako txertaketa

EITB MEDIA

EAEren kasuan, Gasteizko Ajuria zahar-etxean, Elorrio Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean jarriko dituzte lehen txertoak.

1:17
Emakume bat txertoa jartzen. EITBko bideo batetik hartutako irudia.

Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina aldi berean hasiko da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Igande honetan bertan, hilak 27, txertatuko dituzte lurralde bakoitzeko lau zahar-etxetako egoiliarrak. Hala, zentro horietan jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsiko diren lehen 405 txertoak eta Nafarroak jasoko dituen 155 dosiak.

EAEren kasuan, lehen txertoak hiru lurraldeetan jarriko dira aldi berean: Gasteizko Ajuria zahar-etxean (Araba), Elorrio Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan (Bizkaia) eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan jakinarazi duenez, EAEko zentro soziosanitario horietan jarriko dituzte koronabirusaren aurkako lehen txertoak.

Hala, lehen dosiak goizeko lehen orduan, 09:30 aldera, iritsiko dira Osakidetzaren zentro batera, eta 11:00ak aldera jarriko zaie txertoa lehen egoiliarrei eta osasun langileei.

Igandeko lehen 405 txerto horietatik aurrera, astelehenero 16.000 dosi iritsiko dira, EAEri esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.

Nafarroan, bestalde, Iruñeko El Vergel egoitzan jarriko dituzte covid-19aren aurkako lehen txertoak. Arlo soziosanitarioko egoiliarrak eta langileak, 13.000 pertsona inguru, dira lehen txertaketa-etapa honetan lehentasuna dutenak.

Aurreikuspenen arabera, Nafarroako 36.000 herritarrengana iritsiko da txertoa lehen hiruhilekoan. Pixkanaka, arriskua duten talde profesionalak eta taldeak sartuko dira lehen fase honetan, eta martxotik aurrera gainerako biztanleei txertoa ematen hasiko lirateke, arrisku-taldeen arabera.

Gaur goizetik, Guadalajarako (Gaztela-Mantxa) biltegi batean daude Espainiako Gobernuak erkidegoen artean banatuko dituen txertoak. Atzo arratsaldeko 16:00ak inguruan iritsi zen Irungo mugara txertoak zeramatzan kamioia, eta handik Guadalajararako bidea Ertzaintzak zainduta egin du. Espainiak Pfizer eta BioNTechen 4.591.235 dosi jasoko ditu datozen 12 asteetan, 2.295.638 pertsona immunizatzeko.

EAEk bihar jasoko dituen 405 txerto horien ondoren, astelehenero sorta berri bat iritsiko da (astean 16.000 dosi), EAEri esleitutako 193.050 dosiak osatu arte. "Bermea izatea ezinbestekoa da Osakidetzako txertaketa-ekipoak aktibatzeko eta arrazoizko plangintza bat egiteko", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean.

"Eraginkorrak eta seguruak"

Pfizer eta BioNTech konpainiek covid-19ari aurre egiteko garatu duten txertoa merkaturatzeko baimena aste honetan eman du Europako Batzordeak.  

Agerraldi batean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu zuen aste hau mugarri izango dela covid-19aren pandemiaren aurkako lanean. "Hasieratik esan dut pandemia honetan elkarrekin gaudela denok. Txertaketa aldi berean hasiko da Europar Batasunean, abenduaren 27an, 28an eta 29an. Urte zail hau amaitzeko eta covid-19a gainditzen hasteko modu on bat da", erantsi zuen.  

Horrez gain, Von der Leyenek esan zuen aurrerantzean txerto gehiago onartuko dituztela, eta "seguruak eta eraginkorrak" direla gaineratu zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.