Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Txertaketa kanpaina abiatzear, EAEn

I. G. | EITB MEDIA

Espainiako Gobernuak banatuko ditu txertoak erkidegoen artean. Guadalajarako (Gaztela-Mantxa) biltegi batean daude gordeta, gaur iluntzetik.

0:58
Ertzaintzak eskoltatutako kamioia. EITBko bideo batetik ateratako irudia.

Gaur arratsaldean, covid-19aren aurkako txertoak Espainiara daramatzan kamioia Irungo mugatik sartu da eta Guadalajararako bideari ekin dio Gipuzkoatik eta Arabatik.

Estatura iristen diren lehen txertoak kamioi bakar batek dakartza, eta Ertzaintzaren patruilek eskoltatu dute. EAEtik igaro ostean, Guadalajaran amaituko du ibilbidea, eta bertatik banatuko dira txertoak Estatu osora.

Txerto horietatik, EAEk 405 txerto jasoko ditu datorren igandean, abenduak 27. Txerto horiek banatzeko prest daude dagoeneko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzaetan dauden pertsonak immunizatzeko erabiliko dira.

Igandeko sortatik aurrera, astelehenero sorta bat iritsiko dela aurreikusten da, 16.000 dosikoa astean, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.

Bestalde, Salvador Illa Osasun ministroak Lurralde Arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Espainiak Pfizer eta BioNTechen 4.591.235 dosi jasoko ditu datozen hamabi asteetan, 2.295.638 pertsona immunizatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.