Gizartea
Koronabirusa
EAEko hiru zahar-etxetan jarriko dituzte covid-19aren aurkako lehen txertoak
Agentziak | EITB Media
Euskadira iritsiko diren lehen 405 txertoak igande honetan jarriko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean baieztatuko du zein zentrotan egingo den lehen txertaketa.
Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina aldi berean hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Igande honetan bertan, hilak 27, txertatuko dituzte lurralde bakoitzeko hiru zahar-etxetako egoiliarrak. Hala, zentro horietan jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) iritsiko diren lehen 405 txertoak.
Osasun Sailak azaldu duenez, abenduaren 26ra arte (larunbata) ez dute baieztatuko zein zentro soziosanitariotan egingo duten lehen txertaketa.
Igandeko lehen 405 txerto horiek jaso ondoren, astelehenero sorta berri bat iritsiko da (astean 16.000 dosi), EAEri esleitutako 193.050 dosiak osatu arte.
"Bermea izatea ezinbestekoa da Osakidetzako txertaketa-ekipoak aktibatzeko eta arrazoizko plangintza bat egiteko", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean.
Bestalde, Salvador Illa Osasun ministroak Lurralde Arteko Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Espainiak Pfizer eta BioNTechen 4.591.235 dosi jasoko ditu datozen 12 asteetan, 2.295.638 pertsona immunizatzeko.
Ministroak azaldu duenez, Espainiak 350.000 dosi inguru jasoko ditu astelehenero, datorren 28a barne, baina prentsaurrekoan ez du zehaztu zenbat jasoko dituen larunbatean, ezta erkidegoen araberako banaketa ere. Horren inguruan ezer jakinarazi ez badu ere, erkidegoek jakin badakite zer kopuru dagokien, txertaketa-estrategian lehentasuna duten biztanleen arabera.