Gizartea
Koroabirusa
Covid-19a: txertoei buruzko 10 galde-erantzun
eitb media
Amos Garcia Rojas Espainiako Txertaketa Elkarteko presidenteak hainbat zalantza argitu ditu txertaketa prozesuaren inguruan.
-
Abenduaren 27tik aurrera hasiko da txertaketa. Irudia: Artxiboa
Txertaketa abenduaren 27tik aurrera hasiko da Hego Euskal Herrian. Zalantza ugari eragin ditu herritarren artean txertaketak, eta Amos Garcia Rojas Espainiako Txertaketa Elkarteko presidenteak hainbat zalantza argitu ditu prozesu honen inguruan. Argi eta garbi azaldu du albo-ondorio "okerrena" txertoa ez jartzea dela.
1-Seguruak al dira txertoak, azkar garatu badituzte ere?
Bai. Organo arautzaileek botika bat baimentzen badute, produktua segurua delako eta arrazoizko eraginkortasuna duelako da. Bestela, segurtasun osoz, ez lukete baimenduko.
2-Txertoak infekziotik babesten du edo gaixotasuna arintzea besterik ez dakar?
Txertoak gaixotasunetik babesten gaitu. Baina ez dakigu, txertoa hartzeko denbora falta delako, infekziotik babesten ote duen.
Birusarekin kontaktuan egon naiteke eta gaixotasuna ez garatu, txertoa hartu dudalako. Baina, infektatu naiteke eta beste pertsona batzuei transmititu.
Horregatik, garrantzitsua da segurtasun neurriak hartzea, txertoa hartu badugu ere. Behin herritarren % 70ek txertoa jaso duenean, orduan hasi gaitezke erlaxatzen.
3-Beraz, musukoa erabiltzen, segurtasun distantziak mantenatzen eta eskuak garbitzen jarraitu behar al dut denbora luzez?
Bai. Txertaketa hasi arren, pandemiak jarraituko du. Printzipioz, ekainean edo uztailean herritarren ehuneko handi bat txertoa hartuta izango dugu. Halere, ez dago argi % 70era iritsiko den ala ez.
4-Zein dira txertaketaren albo-ondorio ohikoenak?
Sukarra, nekea eta txertoa jarri den tokian mina izatea.
5-Zergatik bi dosi? Zer gertatuko litzateke bigarrena hartuko ez banu?
Bi dosiak hartzea ezinbestekoa da, behar bezala babesteko eta babes-erantzunaren eraginkortasuna handitzeko.
6-Arriskutsua al da txertoa hartzea alergiarik badut?
Txertoaren osagairen batek alergiarik eragiten badu, ondo azalduta egongo da.
7-Zenbatekoa da txertoaren eraginkortasuna?
Pfizerren eta Modernaren txertoek % 95eko eraginkortasuna dute, gutxi gorabehera.
8-Covid-19a gainditu badut ere, txertoa hartu behar al dut?
Bai. Ongi etor daiteke, ez baitakigu gaixotasuna modu naturalean pasatzeak eragina duen babes-erantzunaren iraupenean.
9-Zenbat denbora iraungo du txertoaren babesak? Urtero txertatu beharko al dut?
Ez dakigu. Oraindik ematen hasi ez denez, ez dakigu zenbat irauten duen babes-erantzunak. Hasieran hori ez da jakiten txertoekin, denbora kontua da.
10-Erresuma Batuko covid-19aren aldaera berriak orain arte egindako txertoak baldintzatuko ditu?
Ez luke zertan. Mutazioak txertoa egiteko erabiltzen den spike proteinari eragiten dion arren (birusak giza-zeluletan sartzeko erabiltzen duena), mutazio txikia da. Txertoek azalera osoan jarduten dute; hortaz, oso zaila da txertoari kalte egitea.