Gizartea
Koronabirusa
89 erresidentziatan 5.300 pertsonari txertoa jartzeko prestatzen ari da Araba
L.Z. | EiTB MEDIA
Zahar-egoitzetako egoiliarrak eta langileak izango dira txertoa jasotzen lehenak. Osakidetzako taldeak arduratuko dira zentroetara joan eta txertoak jartzeaz.
-
Gasteizko erresidentzia bat. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
89 erresidentzia publiko zein pribatutan 5.300 pertsonari (2.800 langile eta 2.500 egoiliar) txertoa jartzeko prestatzen ari da Arabako Foru Aldundia.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak astearte honetan azaldu du "prozesu konplexua" izango dela, pertsona askori eragingo dielako. Horregatik, Aldundia buru-belarri dabil lanean, covid-19aren aurkako txertaketa hasten denean dena prest edukitzeko.
Zentzu horretan, Aldundiak jakinarazi du dagoeneko Osasun Sailari bidali diola txertoa jasoko duten egoiliarren eta beharginen zerrenda, eta ezinduen baimenak prestatzen dabiltzala.
Zahar-egoitzetako egoiliarrak eta langileak izango dira txertoa jasotzen lehenak. Osakidetzako taldeak arduratuko dira zentroetara joan eta txertoak jartzeaz.
Bitartean, positibo kopuruak behera egin du Arabako erresidentzietan. Aste honetan 29 kasu berri atzeman dituzte; guztiak egoitza pribatuetan. Hain zuzen ere, IMQ Igurkok 22 kasu berri zenbatu ditu, Alto del Pardo Caserrek 4, Ekorak 2, Albertia Campusek 1 eta San Francisco Javierrek beste 1.
Pandemiaren bigarren olatuan, bestalde, 33 pertsona hil dira Arabako zaharren egoitzetan; azken astean 2. 230 pertsonak gaixotasuna gainditu dute, eta 34 langile bajan daude positibo direlako edo bakartuta daudelako.