Itxi

Gizartea

Alarma egoera

Gabonetan neurriak zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

EITB MEDIA

Etxeratze agindua 00:30era aurreratu dute eta dendak eta tabernak 18:00etan itxiko dituzte egun seinalatuetan. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean gehienez 6 pertsona elkartu ahalko dira etxean.

1:16
Gotzone Sagardui. EITBko bideo batetik ateratako irudia.

Gabonetan covid-19aren kutsatzeak ekiditeko neurri murriztaileak zorroztuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala erabaki dute Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI aholku batzordeak arratsalde honetan egin duen bileran.

Besteak beste, tabernak eta dendak 18:00etan itxiko dituzte abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Etxeratze agindua 00:30era aurreratuko dute Gabon-gauean eta Urtezahar-gauean, eta abenduaren 31ko eta urtarrilaren 1eko familia topaketetan ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu.

Horrez gain, abenduaren 23tik 26ra bitartean eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean soilik izango da posible Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzea senideekin biltzeko.  

Neurri berriak bihar argitaratuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean eta abenduaren 23tik 24rako gauerdian sartuko dira indarrean.

Horrez gain, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du Pfizer eta BioNTech konpainiek garatutako txertoaren lehendabiziko dosiak abenduaren 27an iritsiko direla Euskal Autonomia Erkidegora eta egun horretan bertan abiatuko dutela txertaketa kanpaina.

Sagarduik azaldu duenez, Gabonetako ospakizunak "arrisku handiko garaia" delako, inguruko erkidego eta herrialdeetan pandemiak okerrera egin duelako eta Erresuma Batuan covid-19aren aldaera berri bat zabaldu delako erabaki dute neurri murriztaileak gogortzea.

Ildo horretan, Gabon zahar gaueko eta Urteberri-eguneko ospakizunetan jarri dute arreta, egun horietan "harreman sozialak ugaritzen direlako eta horrek arriskua handitzea dakarrelako".  

Horrez gain, azken egunetan, tabernetan prebentzio neurriak betetzerakoan jendea "erlaxatu" egin dela antzeman dutela adierazi du, eta, besteak beste, bezero askok maskara gaizki erabiltzen dutela eta taberna inguruan zutik kontsumitu dutela kritikatu du. Eta erretzerakoan kanporatzen den kearekin birusa transmititzen dela gogora ekarri du, batez ere musukoa jarri ezean edota segurtasun-tartea gordetzen ez bada.

Gauzak horrela, Osasun sailburuak arduraz jokatzeko eta ezarritako neurri guztiak zorrotz betetzeko deia luzatu die herritarrei, erakundeei eta eragile sozial eta kulturalei. "Gabonetan maite ditugunak zaindu behar ditugu. Hori da neurri berrien helburua", azpimarratu du.

EUSKO JAURLARITZAREN NEURRI BERRIAK

1- Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, zirkulazio-muga 00:30ean ezarriko da. Helburua da pertsonen bilkuretarako denbora eta mugikortasunerako ordutegiak ahalik eta gehien mugatzea.

2- Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean altxatuko da. Urte amaieraren inguruko murrizketak areagotu egin dira, ospakizun honen inguruko mugikortasuna ahal den neurrian saihesteko.

3- Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak sei lagunetik gorakoak ez izatera baldintzatuta egongo dira. Gabon-gauean hain murriztailea ez den eredu bat aplikatzen dugu, arrisku handiagoko gizarte- eta familia-interakzioak saihesteko.

4- Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6rako, mota guztietako merkataritza, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak 18:00etan ixtea, farmazien, zerbitzuguneen eta gasolindegien kasuan izan ezik. Egun horietako azken orduko erosketetan pilaketak saihestu nahi ditugu, baita egun horietako azken orduetako tabernetako jende pilaketa tradizionalak ere.

5- Abenduaren 25erako eta urtarrilaren 1erako eta 6rako zehaztea merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki. Etxetako jaien balizko luzapena 06:00etako establezimenduen irekierarekin konektatzea saihesten saiatzen gara.

6- 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinen kasuan, debekatuta egongo da abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea. Urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman dira, bungalowak eta kanpinekin lotutako beste zerbitzu batzuk alokatuz. Praktika hori prebenitzen saiatzen ari gara.

7- Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31ean eta 2021eko urtarrilaren 1, 5 eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago izan, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.