Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Pfizerrek eta Modernak haien txertoak probatu dituzte aldaera berriaren aurka

I. G. | EITB MEDIA

BioNTechek ziurtatu duenez, txertoaren bertsio berri bat ekoitz dezake sei astean, Erresuma Batuan atzemandako aldaerara egokitua.

  • Pfizerren txertoa

    Pfizerren txertoa. Irudia: EFE

Pfizer eta Moderna koronabirusaren aurkako txertoak probatzen ari dira, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan identifikatu den aldaera berriaren aurka funtzionatzen duten ikusteko, CNNn argitaratutako konpainien komunikatuen arabera.

"Orain arteko datuetan oinarrituta, Moderna konpainiaren txertoak eragindako immunitateak Erresuma Batuan atzeman berri diren aldaeren aurka babestea espero dugu; datozen asteetan beste proba batzuk egingo ditugu itxaropen hori baieztatzeko", jasotzen du Modernaren dokumentuak.

Bestalde, Pfizerrek hedabide estatubatuarrari jakinarazi dionez, "datuak biltzen" ari da, txertoarekin immunizatuta dauden pertsonen odol laginak "Erresuma Batuko aldaera berria neutralizatzeko gai" izan daitezkeen jakiteko.

Bien bitartean, BioNTechek, Pfizerren bazkide laguntzaileak, sei asteko epean txertoa alda dezakeela iragarri du, birusaren mutazio horretara egokitzeko. "Baina hori gogoeta tekniko hutsa da", esan du astearte honetan Ugur Sahin BioNTech enpresako buruak.

Konpainiako agintariak azaldu duenez, gai teknikoez gain, agintari arautzaileek aldaketa hori nola kalifikatuko luketen ere kontuan hartu beharra dago; nolanahi ere, ziurtatu du "oso litekeena" dela txertoak aldaera berriaren aurka ere funtzionatzea.

Txertoa aldatzekotan, garrantzitsua izango litzateke agintariek zenbateraino onartuko lituzketen oinarri gisa egungo txertoarentzat aurkeztutako segurtasun- eta eraginkortasun-datuak. Horrek, era berean, onarpen-prozesu posible baten iraupenean eragingo luke.

Bestalde, Europar Batasunean txertoaren lehen banaketak asteazken honetan has daitezkeela aurreratu du Sean Marett BioNTech enpresako zuzendari exekutiboak. Gainera, urte amaieran Europako herrialdeek 12,5 milioi dosi jaso ditzaketela azaldu du.

Gaur egun, Pfizerren lantegian daude gordeta dosiok, Puursen (Belgika). Hor prozesatzen eta betetzen dira lehengaiak.

Sierk Poeting BioNTecheko finantza zuzendariak azaldu duenez, dosiak EBko estatu kide bakoitzean egon beharko lirateke larunbatean, txertaketak igandean hasi ahal izateko. Hori da Europako Batzordeak aurreikusitakoa.

Covid-19aren aurka lan egiten duen Robert Koch Institutuko presidente Lothar Wielerrek azaldu duenez, itxura batean, beste aldaera batzuk baino ohikoagoa da azkeneko hau Erresuma Batuan. "Kutsakorragoa delako izan liteke, baina ez du zertan horrela izan. Oraindik ezin dugu argi eta garbi ebaluatu zenbaterainoko garrantzia duen aldaera berriak testuinguru honetan", zehaztu du.

Txertoari begira aldaerak duen garrantziari dagokionez, Wielerrek honako hau adierazi du: "Orain arte ezagututako datu guztiek iradokitzen dute txertoak ematen duen babesa ez dela mugatzen, aldaera hori haratago hedatzen bada ere".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.