Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroan ez dute Gabon egunerako eta Eguberri egunerako neurririk aldatuko

A. S. | EITB Media

Javier Remírez presidenteordeak gaineratu duenez, polizia-kidegoek pandemiari aurre egiteko neurriak betetzen direla ziurtatuko dute gabonetan.

  • Olentzero Iruñean. Argazkia: Iruñeko Udala

    Olentzero Iruñean. Argazkia: Iruñeko Udala.

Javier Remirez presidenteordeak astearte honetan baieztatu duenez, Nafarroako Gobernuak ez du aurreikusi Gabon egunerako eta Eguberri egunerako koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriak aldatzea; gainerako jaiegunetan, berriz, pandemiaren eguneroko datuen emaitzen araberakoa izango da.

Behin behineko datuen arabera, atzo 79 positibo berri izan ziren Nafarroan, egindako 1.665 PCR eta antigeno proben % 5, alegia. Remirezen hitzetan "egonkortze" bat dago positibotasunean. Nolanahi ere, "zuhurtziaz" jokatzeko eta osasun agintariek ezartzen dituzten neurriak betetzeko deia egin du.

Txertaketa

Remirezek, gainera, covid-19aren aurkako txertaketaren hasierari buruz esan du datorren abenduaren 27an hasiko dela Nafarroan txertaketa osasun zentroetako eta zentro soziosanitarioetako adineko pertsonen eta langileen artean, eta Nafarroak dagoeneko 26.000 dosi dituela esleituta.

Hemendik aurrera, Estatutik autonomia erkidegoetara "asteroko hornidura bermatuta" dagoela zehaztu du, eta gero erkidego bakoitzetik banaketa-zentro jakin batera, espazio soziosanitarioetara, lehenik, eta Lehen Mailako Arretara, ondoren.

"Gabon ezberdinak"

Txertaketa-ziurtagiririk edo txertoa hartzeari uko egiten dioten herritarren erregistrorik egongo den zehaztu gabe, presidenteordeak berretsi du, dena dela, "Gabon desberdin eta bereziak" izango direla aurtengoak, eta polizia-kidegoak herritarren segurtasunaren arloko lanak pandemiaren aurkako prebentzio-neurrien kontrolarekin bateratuko dituztela.

Horretarako, trenez eta errepidez egiten diren joan-etorriak zainduko dituzte, bai ibilgailu partikularrenak bai autobusenak, eta hori aurrera ateratzeko "agindu argia" dutela ziurtatu du, eta Gobernuaren gomendioa familiarekin eta hurbilekoekin egiten diren bilerak ahalik eta gehien murriztea dela gaineratu du, ahal dela, bizikidetza-unitatera mugatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.