Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positibo berriak apur bat igo dira Nafarroan, 79 zenbatzeraino

E.G. | EITB MEDIA

Bezperako datuekin alderatuta, 22 kutsatze gehiago atzeman dituzte. Bigarren olatuko zifrarik baxuenetarikoa erdietsi zen igandean.

  • Osasun langile batzuk PCR proba batzuk prestatzen.

    Osasun langile batzuk PCR proba batzuk prestatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera, covid-19aren 79 kasu positibo berri atzeman zituzten astelehen honetan, 1.665 proba (900 PCR eta 765 antigeno test) egin ostean, % 4,7ko positibotasun tasarekin.

Pandemiaren bilakaeraren ikuspegi epidemiologikotik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du astelehen honetan gaixotasun horrekin lotutako lau ospitaleratu berri izan zirela Foru Erkidegoan, horietako bat ZIUn. Atzo ez zen hildakorik izan. Guztira, 948 pertsona hil dira Nafarroan covid-19aren ondorioz.

Nafarroa da, beste aste batez, covid-19aren proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa: 1.000 biztanleko 762,77, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 443,07koa da 1.000 biztanleko.

Eskualdeka, Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 67 daude, Tuteran % 13 eta Lizarran % 6. Gainerako positiboak ( % 14) Nafarroako beste leku batzuetan daude.

Positibo berrien batez besteko adina 36,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.

Ospitaleko okupazioari dagokionez, 148 pertsona daude ospitaleratuta (atzo bezala), horietako 18 ZIUn (atzo bezala) eta beste 20 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bi gehiago). Gainerakoak, 110 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bi gutxiago).

Birusak eragindako kutsatzeen intzidentzia metatua, eguneroko igorpenen arabera, 41.554 kasutan dago Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.