Gizartea
EGURALDIA
Gabon eta Eguberri egunetarako eguraldi hotza iragarri du Euskalmetek
I. G. | EITB MEDIA
Eguberri egunean tenperaturak oraindik ere baxuagoak izango dira, eta elur-maila 500-600 m inguruan kokatuko da egunaren amaieran, baina prezipitazio gutxirekin.
-
Gasteiz. Irudia: Jose Antonio Fernandez
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi hotza iragarri du Gabon eta Eguberri egunetarako. Bi egun horietan nabarmen jaitsiko dira tenperaturak, eta hilaren 25ean elur-maila jaisten joango da, nahiz eta prezipitazio gutxi pilatzea espero den.
Euskalmeten arabera, Atlantikotik iritsiko den depresioak eta horri loturiko fronte hotzak, haizearen norabidea aldatuko du, eta mendebaldeko eta iparraldeko haize hezeagoaren eta hotzagoaren eraginpean egongo da giroa. Datorren ostegunean, abenduaren 24an, behe-presio horiek Europa barnealderantz egingo dute eta antizikloi indartsu bat sortzen joango da Atlantikoan. Horren ondorioz, haize hotza iritsiko da iparraldetik, batez ere ostiralean eta asteburuan.
Iragarpenen arabera, hilaren 24an, Gabon egunean, hodeiak trinkotzen joango dira, batez ere isurialde kantauriarrean, eta prezipitazioak izateko probabilitatea handia izango da, nahiz eta arinak izan. Tenperaturei dagokienez, litekeena da nabarmen jaistea, eta isurialde kantauriarrean maximoak 10-11 ºC ingurukoak izango dira eta gainerako lurraldean 8-9 ºC ingurukoak.
Hilaren 25ean, Eguberri egunean, egunaren lehenengo erdian espero dira prezipitazioak, eta arratsaldean eta gauean gutxitzen joango dira. Tenperaturak oraindik gehiago jaitsiko dira. Isurialde kantauriarrean 7-8 ºC ingurukoak izango dira eta EAEko gainerako lurraldean 5 ºC ingurukoak. Bestalde, elur-maila jaisten joan liteke goizaldean eta goiz osoan zehar. Egunean zehar 1.000 metrotik behera kokatuko da eta egunaren amaierarako 500-600 m inguruan. Hala ere, elur-maila jaisten doan neurrian, prezipitazioak gutxitzen joango dira, eta ez da prezipitazio askorik pilatuko.
Asteburuan eguraldia egonkorra izango da, baina hotz handia egingo du. Azpimarratzekoa da goizaldean eta lehenengo orduetan izotza izango dela, eta moderatua izan liteke, nahiz eta behe-lainoa sortu zenbait lekutan.