Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman dio Pfizerren txertoari

AGENTZIAK | EiTB MEDIA

"Probek argi erakusten dute txertoak alde on gehiago dituela arriskuak baino", esan du Emer Cooke agentzi horretako zuzendari exekutiboak.

  • Pfizerren txertoa

    Pfizerren txertoa. EFEren artxiboko irudia

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) covid-19aren aurka Pfizer/BioNTechek garatutako txertoari onespena eman dio astelehen honetan. Urrats hori igarota, Europako Batzordearen oniritzia behar du orain EBko herrialdeetan txertoaren erabilera baimentzeko.

Horixe da, hain zuzen ere, Emer Cooke EMAko zuzendari exekutiboa prentsaurrekoan esan duena. "Txertoa aztertzeko orduan hainbat faktore izan ditugu kontuan: segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna. Probek argi erakusten dute txertoak alde on gehiago dituela arriskuak baino", esan du.

Hala, Europako Batzordearen baimena jaso beharko du orain txertoak, eta litekeena da gaur bertan iristea, normalean 67 eguneko prozesua izan ohi bada ere.

"Une erabakigarria da gure ahaleginetan, europarrei txerto seguruak eta eraginkorrak jarri nahi dizkiegulako. EMAk oniritzi zientifikoa eman dio. Orain, azkar jokatzea da gure lana, eta espero dut Europako Batzordeak gaur arratsaldean ematea baiezkoa", adierazi du Ursula von der Leyen batzorde horretako presidenteak Twitter bidez. Hortaz, ondo bidean, Europako herrialdeak (tartean Espainiak) larunbat honetan jasoko dituzte lehen dosiak, eta igandean bertan abiatuko dute txertaketa kanpaina.

Prentsaurrekoan, Cookek azpimarratu du "dagozkion kontrolak gaindituta" iritsiko dela txertoa Europara. "Egindako azterketa sakonaren ondorioz, Europako herritarrei jakinarazi nahi diegu txertoa segurua eta eraginkorra dela eta kalitate neurri guztiak betetzen dituela. Dena den, gure lana ez da hemen bukatuko. Txertoen segurtasunarekin eta eraginkortasunarekin lotutako datuak pilatzen jarraituko dugu", ziurtatu du.

Bestalde, Sabine Straus EMAko Segurtasun Batzordeko presidenteak argi utzi du orain arte aztertutako datuak "lasai egoteko modukoak" direla. EBk segurtasunerako zainketa sistema paregabea dauka, punta-puntakoa", gaineratu du.

43.000 pertsonak hartu dute parte entsegu klinikoetan

Harald Enzmann CHMPeko presidenteak nabarmendu du txerto horren entsegu nagusian 43.000 pertsonak hartu zutela parte. Txerto baten azterketan egindako entsegu handienetakoa da. Parte-hartzaileen erdiak Pfizerren txertoa jaso zuten, eta gainerakoek txerto faltsu bat, alegia, plazeboa, zer hartzen ari ziren jakin gabe.

16 urtetik gorako 36.000 pertsonengan (75 urtetik gorakoak ere) eragin positiboa izan zuen. Hau da, sintomadun kasuak % 95 murriztu ziren (18.198 kasutik 8k izan zituzten sintomak). Txerto faltsua jaso zutenen artean, berriz, 18.325etik 162k izan zituzten sintomak.

Halaber, covid-19 kasu larriak jasan ditzaketen arrisku taldeetako parte-hartzaileen % 95engan izan zuen eragin positiboa txertoak, generoa, arraza edo etnia gorabehera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.