Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Zer dakigu Erresuma Batuan atzeman duten covid-19aren aldaera berriaz?

E.G. | EITB MEDIA

Zientzialari britainiarrek asteak daramatzate aztertzen. Lehen datuen arabera, zabalduen zegoena baino % 70 kutsakorragoa da. Hauexek dira aldaera berri honen nondik norakoak.

  • Laborategi bateko langile bat koronabirusaren inguruko probak egiten.

    Laborategi bateko langile bat koronabirusaren inguruko probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE

Bizirauteko aukera ematen dien heinean, birusak aldatu egiten dira. SARS-CoV-2 birusa ez da salbuespena, eta pandemia lehertu zenetik hainbat aldaera izan dituen arren (apirilean, esateko, beste bat izan zen), Erresuma Batuan duela aste batzuk atzemandakoak kinka larrian jarri du herrialde britainiarra, eta Londres eta eremu metropolian 20 milioi lagun isolatzera eraman du. Are, hainbat herrialde europarrek debekatu egin dituzte Erresuma Batura hegaldiak egitea. Europar Batasunak bilera du gaur erantzun bateratu bat adosteko.

Lehen datuen arabera, aldaera berri hori ez da hilgarriagoa, baina orain arte zabalduen zegoena baino % 70 kutsakorragoa da. Antza, aldaketa birusaren S proteinan ("Spike" delakoa) gertatu da, eta horri esker hobeto katigatu eta kutsakorragoa izan ahal da.

Erresuma Batuko osasun agintarien arabera, aldaera berri horren 1000 kasu baino gehiago atzeman dituzte, gehienak Ingalaterra hegoaldean. Horrez gain, Erresuma Batuan ez ezik, beste herrialde hauetan ere topatu dute: hala nola,  Italian, Belgikan, Alemanian, Danimarkan, Herbeheretan, Hego Afrikan eta Australian. Are, kutsatzeko duen ahalmenagatik, ez da baztertzen beste herrialde batzuetara zabaldu izana. 

Matt Hancock Osasun ministro britainiarrak joan den astean jakinarazi zuenez, oraindik ez dago frogarik esateko aldaera horrek ondorio larriagoak eragiten dituenik, eta txertoek "nekez galduko dute eraginkortasuna" aldaera berri horren aurrean

Komunitate zientifikoa, zuhur oraindik

Aldaera berria atzeman eta berehala, Munduko Osasun Erakundea (MOE) ohartarazi zuela iragarri zuen Erresuma Batuak. Hain justu, Mike Ryan MOEren larrialdi programarako zuzendari exekutiboak joan den astean azaldu zuenez, "aldaera eta mutazio horiek oso ohikoa dira. Halakoak izan dira Danimarkan bisoiekin adibidez. Baina galdera honako da: Aldaera honek arriskutsuago egiten du birusa? Birusa kutsakorragoa da orain? Atzemateko zailagoa egiten al du aldaera horrek? Txertoari eragingo lioke? Galdera horien erantzunak ez dakizkigu oraindik".

Ildo beretik mintzatu da Miren Basaras mikrobiologoa eta EHUko irakaslea ere. Euskadi Irratian gaur bertan egin dioten elkarrizketa batean "tentuz" ibili behar garela azpimarratu du. "Epidemiologikoki hitz eginda, oraindik ez dago argi atzemandako aldaera berria kutsakorragoa ote den. Goiz da hori esateko; gehiago ikertu beharko dugu". Basarasen esanetan, "Erresuma Batuan izan den kasuen gorakada aldaera horrengatik izan daiteke, edo gauzak txarto egin dituztelako".

Hala, "garrantzitsuena babes neurriak hartzen jarraitzea" da, izan ere, neurriok "baliagarriak dira aldaera honentzat eta beste guztientzat", argitu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.