Gizartea
KORONABIRUSA
Gaur erabakiko du LABIk Gabonetarako neurri berriak ezarri ala ez
N. B. - I. G. | EITB MEDIA
Goizean, Batzorde Teknikoak egoera aztertu eta balizko neurriak proposatuko ditu, eta, ondoren, 17:00etan, Aholku Batzordeak erabakiko du neurririk hartzen duen.
-
Bilerak goizez eta arratsaldez izango dira. Artxiboko argazkia: EFE.
LABI gaur, asteartea, bilduko da egoera epidemiologikoa eta indarrean dauden neurriak aztertu eta, hastear dauden Gabonei begira, beharrezkoak badira, neurri berriak proposatu eta onartzeko.
Bi bilera egingo dira gaur. Horietako lehenengoa goizean izango da, eta Batzorde Teknikoa osatzen duten kideak daude deituta. Batzorde horretako kideek pandemiak azken egunotan Euskadin zein joera hartu duen aztertuko dute, eta, beharrezkotzat joz gero, hartu beharko liratekeen neurriak proposatuko dituzte.
Lehenengo bilera horren ostean, LABIren Aholkularitza Batzordeak, lehendakaria buru duela, Batzorde Teknikoak egindako proposamenak onartzen dituen erabakiko du, Lehendakaritzan 17:00etan hastekoa den bilera batean. Bileraren ondotik, agerraldia egingo dute (oraindik zehazteke dago nork egingo duen), eta agerraldi hori zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.
Ahokularitza Batzordeko kideak, lehendakariaz gain, honako hauek dira: Josu Erkoreka, lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Iñaki Berraondo, Osasun sailburuordea; Rosa Perez, Osakidetzako zuzendari nagusia; Ramiro Gonzalez, Markel Olano eta Unai Rementeria ahaldun nagusiak; Gorka Urtaran (Eudeleko presidentea), Juan Mari Aburto eta Eneko Goia, hiru hiburuetako alkateak; Denis Itxaso, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn; eta Jonan Fernandez, Covid-19aren Batzorde Teknikoko Koordinatzailea.
Horren guztiaren testuinguruan, Europar Batasuneko Alemaniako presidenteak deituta, EBko 27 herrialdeetako ordezkariek premiazko bilera izan dute astelehen honetan Erresuma Batuan atzemandako covid-19aren aldaera berriak eragindako krisiari aurre egiteko. Hegaldien eta herrialdearekiko beste konexio batzuetan murrizketak eragin ditu.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo adierazi zuenez, LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak astearte honetan hartuko dituen erabakiak Gabonetan "jendea ez lasaitzeko eta desinhibitzeko" izango dira.
Lehendakariaren esanetan, garai honetan gerta litekeen erlaxazioa "ez litzateke batere solidarioa izango, ez litzateke batere lagungarria izango pandemiari aurre egiteko".
"Geure buruari dei egiten diogu. Ez diogu gizarteari hirugarren pertsonan eskatzen, pluralean baizik: gu zaintzea eta besteak zaintzea, hori da esaten ari garena", azpimarratu zuen.
Horren harira, birusaren hedapenaren aurrean erantzukizuna eskatu zien guztiei, eta, ohartarazi zuenez, "lehen egunetik ez da txertorik egongo guztientzat".
"Hilabete batzuk beharko ditugu txertoak zati garrantzitsu bati emateko, 2021eko udan artaldearen immunitatea lortu arte, eta horrek behartzen gaitu pentsatzera txertorik onena gutako bakoitzaren prebentzioa dela, eta hartzen diren neurriak betetzen jarraitu beharko da", adierazi zuen.
Mezu horiek beste batzuk baino "onarpen gutxiago" izan dezakete, baina "errealitatearen printzipioan" oinarrituta daude.
Gainera, "ustez" egoera epidemiologiko hobeak zituzten autonomia erkidegoak "murriztaileagoak diruditen erabakiak hartzen ari dira" esan zuen, Euskadin jada horiek indarrean daudenean, eta Gabonetarako lurralde arteko kontseiluan egin zituen planteamenduak zorrotzagoak zirela gogorarazi zuen, baina bilera horretan planteatutakoak "adostasunaren mesedetan" onartu zituela gaineratu zuen.