Gizartea
Politika fiskala
Gasteizko zergak bere horretan mantenduko dira 2021ean
eitb media
Aurten, gehienez 60 hilabetera arte luzatuko da tokiko ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukera, orain arte 24 hilabetekoa baitzen.
-
Andre Mari Zuriaren enparantza, Gasteiz. Irudia: Artxiboa.
Gasteizko Udalak bere horretan utziko ditu zergak 2021ean, eta ez du prezio publikoen tasa % 2 igoko 2022 eta 2023. urteetan, koronabirusaren eraginaren ondorioz.
Udal-taldeek iragan urrian adostu zutenez, ondorengo zergak utziko dituzte bere horretan: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, gainbalioen zerga, Ekonomi Jardueren gaineko Zerga, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.
Datorren urtera begira, hainbat berrikuntza egin dituzte. Esaterako, energia garraiatzeko enpresek jabari publikoa okupatzeari buruzko tasa berri bat nabarmentzen da. Enpresa hauek hiri-lurra ez den zoru publikoa erabiltzen dute energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoa kanalizatzeko. Hortaz, Udalak 300.000 euro inguru lortzea espero du.
Gainera, Jundizko hondakin solidoen plantara iristen den hondakin tona bakoitzeko ordaindu beharrekoa % 4 garestituko da, eta % 26,5, Gardelegiko zabortegira bidaltzen diren industria hondakinengatik ordaindu beharrekoa.
Bizikletak aparkatzeko tarifa ere aldatuko dute, urtean 72 euro ordaindu beharko baitituzte.
Horrez gain, Gasteizko Udalak % 50eko hobaria eskainiko du Luis Aranburu Udal Musika Eskolan eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan matrikulatzeko, betiere guraso bakarreko familia izanez gero.
Datorren urtetik aurrera, eta Gizarte Kontseiluak hala eskatuta, gehienez 60 hilabetera arte luzatuko da tokiko ogasunarekiko zorren ordainketa zatikatzeko aukera, orain arte 24 hilabetekoa baitzen.