Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positibo kasuek beste minimo bat erdietsi dute Nafarroan: 57 kutsatze

E.G. | EITB MEDIA

Abuztuaren 17tik zenbatutako kopururik baxuena da. Nolanahi ere, positibotasun tasa ia bi puntu igo da: % 4tik % 5,8ra.

  • Laborategiko langileak PCR probak egiten.

    Laborategiko langileak PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirus kasuek beheranzko joerari eutsi diote azken egunetan Nafarroan. Igandean 57 kutsatze zenbatu dituzte, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Bigarren olatu honetako daturik baxuenetarikoa da atzokoa: abuztuaren 17tik zenbatutako kopururik baxuena da. Dena dela, aipatzekoa da igandeetan proba gutxiago egiten direla, eta, hortaz, atzemandako kasuak ere gutxiago izaten direla. Zehazki, bezperan baino ia 1.000 proba gutxiago egin dituzte (975), eta horietatik % 5,8 positibo izan dira.

Hortaz, positibotasun tasa ia bi puntu igo da bezperarekin alderatuta (%4koa izan zen).

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, atzo ez zen gaixotasun horrekin lotutako ospitaleratze berririk izan Foru Erkidegoan, ezta zainketa intentsiboetan ere. Atzo pertsona bat hil zen, 81 urteko gizon bat, eta aurreko egunetan lau pertsona hil ziren: 84 eta 87 urteko bi gizon eta 91 eta 96 urteko bi emakume. Nafarroan 948 pertsona hil dira jada.

Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 76 erregistratu dira, Tuteran % 9 eta Lizarran % 3. Gainerako positiboak (% 12) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, bakar batek ere ez du 10 kutsatze baino gehiago zenbatu. Zerrendan aurreneko daude Iruñeko II. Zabalgunea eta Sarriguren, bosna kasurekin. Ondoren, hiruna kasurekin daude Elizondo eta Iruñeko Txantrea, Donibane, Iturrama, Ermitagaña eta Mendillorri auzoak.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea da nagusi (% 31), eta, ondoren, 15 urtetik beherakoena (% 22). Ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoen taldea (kasuen % 19) eta 30 eta 44 urte bitartekoen taldea (kasuen % 16). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea dago (% 10), eta 75 urtetik gorakoen taldea (% 2).

Positibo berrien batez besteko adina 31,6 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 55 emakumeak dira eta beste % 45 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 148 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino bat gutxiago); horietako 18 zainketa intentsiboetako lanpostuetan daude (atzo bezala), eta beste 18 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gutxiago). Gainerakoak, 112 paziente, gela arruntetan daude (atzoko paziente kopuru bera).

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 41.466 kasu dira Nafarroan.

221 ikasle konfinatu dituzte asteburuan. Horiekin, gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.102 ikasle isolatuta daude etxean. Bi zikloetako ikasle guztien % 1,78 dira. Gelaka, 33 ikastetxetako 56 talde daude, hau da, bizikidetza-talde egonkor guztien % 1,60.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.