Gizartea
Koronabirusa
Egoerak okerrera egingo balu neurriak berehala zorroztea eskatu dute osasun langileek
Agentziak | EITB Media
"Onartu behar dugu agian beharrezkoa dela 'larrialdiko esku-balazta bat' joera epidemiologikoaren balizko aldaketa baten aurrean, indarrean dauden neurriak zorrozteko", ohartarazi dute.
-
ZIU bateko irudia. Argazkia: EFE
Bilboko Zientzia Medikoen Akademiak 17 elkartek sinatutako adierazpen bat bultzatu du, Gabonetan koronabirusari aurre egiteko arauak errespetatu daitezen eskatzeko eta ohartarazteko beharrezkoa izan daitekeela "larrialdiko esku-balazta bat", egoerak okerrera egingo balu erabiltzeko.
"Onartu behar dugu agian beharrezkoa dela 'larrialdiko esku-balazta bat' joera epidemiologikoaren balizko aldaketa baten aurrean, indarrean dauden neurriak zorrozteko eta 2021eko urtarrilaren aurretik egon litekeen agertoki txarraren aurrean prestatzeko", esan dute.
Adierazpena sinatu dutenen artean daude Bizkaiko Erizaintza Zientzien Akademia, Euskal Herriko Farmazialarien Elkargo Ofiziala, EHUko Farmazia, Medikuntza eta Erizaintza fakultateak, Deustuko Unibertsitateko Medikuntza Gradua, erizainen, farmazialarien, albaitarien eta fisioterapeuten elkargo ofizialak eta ingeniari tekniko eta industrialen elkargoak, besteak beste.
Gabonetara begira, erakunde horiek pandemiari aurre egiteko "osasun agintariek emandako gomendioak betetzeko, betearazteko eta betetzea errazteko" eskatu diote gizarteari.
"Beheranzko joera aldatzen ari denaren lehen sintomarekin batera, Euskadin, berehala hartzea, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian, Herbehereetan, Belgikan, Polonian eta Lituanian bezala", familia bilkuretan baimendutako jende kopurua murrizteko erabakia, kutsatze arriskua gutxitzeko helburuarekin.
Era berean, joera aldatzen bada, "barneko espazio publikoetan murrizketa gehiago ezartzeko aukera aztertzea" ere eskatu dute.
Nabarmendu dutenez, pertsonen arteko harremanen luzera murriztea faktore garrantzitsua da kutsatzeak murrizteko orduan. Gainera, EAEn "sartzeko eta irteteko araudia erabat errespetatzea" ere eskatu dute, abenduaren 23tik 26ra eta 220ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra.
Osakidetzari eta Erakunde Sanitario Integratuei "erne" egoteko eskatu die, "edozein mekanismo aktibatu ahal izateko agertoki txarrenaren aurrean: lehen olatuan erregistratutako egoera epidemiologikoa baino zailagoan egotea".
"Herritarrei txertaketan parte hartzeko deia egiteko" ere eskatu dute, eta zehaztu dute, behin Europako Medikamentuen Agentziak onartuta, txertoek "berme zientifiko guztiak izango dituztela, gure farmazietan saltzen den beste edozein sendagaik bezala".