Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

300 covid-19 kasu berri atzeman dira EAEn, eta positibo tasa % 3koa da

Mikel Dominguez | EITB Media

Urriaren 4tik erregistratu den koronabirus kasu berrien kopururik baxuena izan da, eta positibo tasak beheranzko joeran jarraitzen du.

1:18
Positibo tasa EAEn. Irudia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoan 300 covid-19 kasu berri erregistratu dira azken orduetan, aurreko egunean baino 123 gutxiago. Urriaren 4tik atzeman den kopururik baxuena da autonomia erkidegoan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren txostenaren arabera, larunbatean 10.102 proba diagnostiko egin ziren guztira. Positibo tasa, beraz, % 3koa da.

Bizkaian 126 positibo atzeman dira; Gipuzkoan, 112, eta Araban, 60. Beste biak EAEtik kanpokoak dira.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 26 pertsona ospitaleratu zituzten atzo covid-19aren ondorioz, eta zaintza intentsiboetako unitateetan 98 pertsona daude.

Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango ditu udalerrien eta R0 indizearen inguruko datuak.

Gipuzkoako egoitzetako bi erabiltzaile hil dira, eta 173 positibo aktibo daude

Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi ziren bi pertsona hil dira azken orduetan, covid-19aren ondorioz. Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Donostiako Julian Rezola eta Garate-San Ignacio anaiak egoitzetan hil dira.

Une honetan 173 kasu positibo aktibo daude Gipuzkoako zahar egoitzetan. Abuztuaren 11n pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik egoitzetan kutsatu diren egoiliarretatik 441 sendatu egin dira eta 116 hil.

Nafarroako egoera

Nafarroan, 72 covid-19 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa % 4koa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.