Gizartea
Koronabirusa
Asteartera arte luzatu dituzte Arrasateko eta Aramaioko baheketa masiboak
EITB MEDIA
20 eta 40 urte arteko bizilagunei proba parte-hartzeko dei berezia egin diete, gutxi joan direlako eta kutsatze gehienak 10-40 adin tartean detektatu dituztelako.
-
PCR probak Aramaion. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzak ostiral honetan amaitu behar zituen Arrasaten eta Aramaion abenduaren 14an abiarazitako baheketa masiboak, baina covid-19a antzemateko probak datorren asteartera arte luzatzea erabaki du.
Deialdian ikastetxeetako eta Mondragon Unibertsitateko ikasleak sartu dituztelako eta orain arte baheketan parte hartu ez duten herritarrei beste aukera bat emateko erabaki dute epea luzatzea.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, Arrasatek azken 14 egunetan 1.183 kasu metatu ditu, eta Aramaiok 996.
Horrez gain, Osakidetzak azpimarratu du kutsatze gehienak 10 eta 40 urte arteko pertsonen artean detektatu dituztela. Hortaz, 20 eta 40 urte arteko bizilagunei proba egin dezatela eskatu die, gutxien parte hartu dutenak direlako.
PCR probak Debako Ospitaleko kanpo kontsultetako eraikinean egiten dituzte. Asteburu guztian egongo dira han, goizez eta arratsaldez, baina hitzordua eskatzea derrigorrezkoa da.