Gizartea
KORONABIRUSA
Jaurlaritzako hainbat sail txertaketa kanpaina diseinatzen ari dira jada
O.A. | EITB Media
Txertoa garraiatu, bildu eta segurtasunez mantentzea bermatu nahi dute, baita osasun arloan txertaketa kanpaina "arrakastatsua" izatea ere.
Itxura guztien arabera, koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina abenduaren 27an hasiko da Europar Batasunean. Okerrik ezean, Europako Botiken Agentziak datorren astelehenean emango dio argi berdea Pfizerren txertoari, eta, horrela bada, txertaketa hilaren 27an hasiko da. Eusko Jaurlaritzak ez daki txertoaren zenbat dosi jasoko dituen, ezta txertaketa zein egunetan hasiko den ere.
Zehaztapen horien zain egon barik, lanean hasi dira jada Eusko Jaurlaritzako hainbat sail: Osasun Saila; Segurtasun Saila; eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Hiru alorretako arduradunek kanpaina diseinatzeari ekin diote.
Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, Ertzaintza, Osakidetza eta Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa harremanetan daude txertaketa kanpainaren urrats bakoitzaren "segurtasun eta prozedura fisiko eta informatikoak" zehazteko.
Zehazten den prozedurak txertoa garraiatu, bildu eta segurtasunez mantentzea bermatu behar du, eta baita osasun arloan txertaketa kanpaina "arrakastatsua" izatea ere.
Erizainak trebatzen hasi da Osakidetza
Hala, Osakidetzak formakuntza kanpaina bat abiatu du erizainen artean. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, Gipuzkoan ostiral honetan bertan hasi dituzte trebakuntza saioak Donostia Ospitalean. Bizkaian, berriz, datorren astelehenean abiatuko dituzte.
Amaia Mayor SATSE sindikatuko bozeramaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, ikastaro horretan jarraibideak emango dituzte. Besteak beste, txertoa nola kudeatu, nola kontserbatu edota jartzeko zenbat denbora duten ikasiko dute. Horren hitzetan, Europa mailako erregistro bat bete beharko dute erizainek, txertaketa ondo erregistratuta uzteko. "Covid-19aren aurkako txertoaren bi dosi eman behar direnez, oso ondo erregistratu behar da lehen dosia, hurrengoa, bigarrena, bere momentuan jartzeko", azaldu du.
Europa mailako errolda ezinbestekoa izango da txertoa nork eta noiz hartu duen jakiteko, SATSEko bozeramailearen esanetan.
Pfizer etxearen txertoa izango da EAEra iristen lehena. Hasiera batean, urtarrilaren lehen hamabostaldirako aurreikusita zegoen erizainen prestakuntza, baina Amaia Mayorrek esan bezala, dena ari da aurreratzen.
Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan bertan adierazi du EAEk urtarrilean koronabirusaren aurkako txertoaren 20.000 dosi jasoko dituela, eta covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina "prozesu luzea" izango dela aurreratu du, 2021. urteko udazkenera arte irautea aurreikusi baitute. Lehendakariaren hitzetan, pixkanaka egingo da eta "progresiboa eta mailakatua" izango da.