Itxi

Gizartea

Gabonak

Nola prestatu behar dugu burua Gabon berezien eragin psikologikoa murrizteko?

Mikel Dominguez | EITB Media

Psikologoek jai hauetan ere biziko dugun ezohiko egoeraz jabetzea eta aurreikustea gomendatzen dute antsietatea eta tristura saihesteko.

  • Gabonak.

    Gabonak. Argazkia: EFE

Hementxe ditugu koronabirusaren pandemiaren urteari amaiera emango dioten Gabonak. 2020 osoa zeharkatu duen ziurgabetasunak gurekin jarraituko du Gabonetan ere, eta ez dakigu oraindik nola biziko ditugun. Oso argi daukagu, hala ere, ez direla ohikoak izango. Aldakorrak diren neurriak neurri, ez gara talde handietan bilduko Gabonetako otorduetan, ez ditugu ohikoak izaten diren afariak egingo lagunekin edota lankideekin, ez ditugu Olentzero eta Errege Magoak gure herriko kaleetan zehar ikusiko eta ez dugu parrandarik botako urte berriari ongietorria egiteko.

Gure buruak, gure gertukoak eta osasun sistema babesteko, bertan behera geratu dira Gabonen ohiko ospakizunak. Jatorri erlijiosoa duten jaioi bada garrantzia espiritual handia ematen dionik, eta maila sozialean bada ere, gizarte osoari eragingo dio aldaketak. Egoerak ez gaitu ustekabean harrapatu, baina prest al gaude? Nola egin beharko genieke aurre 2020ko Gabonei?

Juan Carlos Alonso psikologo errenteriarraren ustez, egoeraz kontzientea izatea da murrizketengatik gehiegi ez sufritzeko prebentzio onena. "Azken hilabeteetan gertatzen ari den moduan, gizartean murrizketa horiek nolakoak izango diren aurreratzen ari direnez eta familia bakoitzak Gabonak nola pasatuko dituen dagoeneko planifikatu dutenez, eragin psikologiko gutxiago izango du. Hau da, ezustean harrapatu bagintuzke, psikologikoki kaltegarriagoa izango litzateke", uste du Alonsok.

Gabonak "nola eta norekin pasatuko ditugun ondo planifikatzea" tokatzen zaigu; "aurten txipa aldatu behar dugu"

Izan ere, urtean zehar nahikoa denbora izan dugu harreman sozialen murrizketa eta gure arteko distantzia onartzeko. Ezin esan ohitu garenik, baina ez da ezer berria. Orain, Gabonak "nola eta norekin pasatuko ditugun ondo planifikatzea eta aurreikustea" tokatzen zaigu, Alonsoren hitzetan, otorduen inguruko erabakiak azken momentura arte utzi gabe, horrek "estresa, antsietatea eta, agian, depresio sintomak sor diezazkigulako".

Jakin badakigu potea eta afariak albo batera utzi behar ditugula, eta psikologoek lehenbailehen burutik kentzea gomendatzen digute. "Aurten txipa aldatu behar dugu, eta zenbait nahi eta grinari uko egin beharko genieke, frustrazioari aurre egin. Ez da ezer pasatzen aurten Gabonak murrizketa batzuekin pasa behar baditugu, baina esaldi hori norberak berea egin behar du. Benetan kontzientziatu eta sentitu behar dugu", azaldu du Alonsok.

Adinekoak familiarengandik urrun egon ez daitezen

Adinekoek bereziki gozatzen dituzte Gabonak, familia osoa batuta ikusten dutelako berriro, eta aurten ezin egiteak ondorioak izan ditzake horiengan. "Aurten kasu gehienetan ezin izango dutenez hori egin, egoera honek sentimendu ezkorrak agerrarazteko arriskua badago: bakardadea, tristura, antsietatea… Gainera, askok agian azkeneko Gabonak izan litezkeela senti dezakete, adinekoak direlako edo gaixorik daudelako, eta ezin dutela denon artean pasa", azaldu du Alonso psikologoak. Osasun neurriak bermatzeaz gain, bakardade sentimendu hori saihestu behar dela azpimarratzen du, "familia osoaren hurbiltasuna, presentzia eta berotasuna senti ditzaten, nahiz eta leku fisiko berean ez egon". Adibidez, bideo deien edo konferentzien bitartez edo beren etxearen ateraino hurbilduz. "Helburua ahalik eta afektibitate gehien ematea da, haiek gure presentzia osoa sentitzea", laburbildu du Alonsok.

Protokoloa lasaituko dute adinekoen egoitzetan, pertsona bat baino gehiagoko bisitak baimenduz eta egoiliarrak etxera itzultzea erraztuz. Egoitzetako langileek eta bertan bizi direnek dena eman dute aurten, eta eskertuko dute egoerak neurrien lasaitze hori ahalbidetzea. Matia Fundazioko Esther Rivas psikologoak adinekoen egoitzetan egiten du lan: "Hilabete hauetan bizitakoaren ostean, inoiz baino gehiago, Gabonek garrantzi handiagoa izango dute adinekoentzat, hilabete gogorrak izan dira eta. Askotan ezin izan dira irten, eta egun hauek itxaroten ari dira".

"Adineko batzuek egoitzan geratzea hautatuko dute, lasaitasunagatik"

Baina bada arriskua hartu nahi ez duenik eta osasuna lehenetsiko duenik, erraza izango ez den arren. "Seguru asko, adineko batzuek eta beren senideek egoitzan geratzea hautatuko dute, lasaitasunagatik, eta beren hautua izango den arren, logikoa izango da egun horietan nostalgia eta etsipena sentitzea eta triste edo apatiko egotea", azaldu du Rivasek.

Oso presente izan dituzte pandemiaren ondorioak azken hilabeteetan, eta Gabonek ez dituzte ustekabean harrapatuko. Burua prest izatea izango da prebentziorik onena. "Gehienak ez ditu ustekabean harrapatuko, batzuek Gabon normalak, beti bezala ospatzeko itxaropena bazuten ere", argitu du.

Etxera itzuliko direnek distantzia bermatuta izan beharko dute, eta egoitzara itzultzean koarentena egin beharko dute. Rivasek esan duenez, askori ez dio "konpentsatuko", eta ez dute irteteko saiakuntzarik egingo. Eta egoitzetan "Gabonetako ospakizunak normalizatzen saiatuko gara, jai giroan parte hartu dezaten, euren arteko harremanak sustatuz, sormena bultzatuz, Gabonetako ekintzak eta iniziatibak antolatuz, bizitakoa inoiz baino gehiago konpartituz, baina mantendu behar diren neurriak ahaztu gabe".

Aitor Aritzeta psikologoak neke pandemikoari aurre egiteko aholkuak eman ditu: berri txarren esposizioa mugatzea, ondo jatea, kirola egitea eta abar. Aurten, gure burua ezohiko egoeretara egokitzea inoiz baino garrantzitsuagoa izaten ari da.

Umeen egokitzeko ahalmena

Jai hauetako protagonistak umeak izaten dira, dudarik gabe. Haiek ere ezohiko egoerak sumatuko dituzte, eta horregatik Juan Carlos Alonsok gogorarazten du garrantzitsuena gertatzen ari denaz informatuta mantentzea dela: "Helduekin gertatzen den bezala, egoera ezezagunak, bereziak edo latzak gainditzeko, informazioa behar dute, ezjakintasunak, informazio ezak eta segurtasun ezak antsietatea sortzen dutelako beraiengan ere". Haurrei Gabonak norekin eta nola igaroko diren esan behar zaie, eta hori dena "aitona-amonak babesteko, familia babesteko eta denok elkar babesteko" egingo dela azaldu.

Ez dezagun pentsatu, hala ere, helduak baino okerrago egongo direnik. Alonsoren arabera, umeak "oso erresilienteak" dira, hau da, "egoera latzak gainditzeko ahalmen handia dute". Azken finean, helduen jarreraren araberakoak izaten dira gaztetxoen bizipenak. Umeak, orokorrean, "heldu asko baino hobeto egokitu dira pandemia egoerara", baina bi aldagai daude: batetik, "euren inguruko helduen egoera psikoafektiboaren egonkortasuna, hau da, gurasoek oreka emozionala, lasaitasuna eta segurtasuna ala kontrakoa islatzea", eta bestetik, "familiaren bizi kalitatea, hau da, baldintza ekonomikoak, etxearen baldintza fisikoak eta abar".

Helduak egokitzen badira, "haurrak ere Gabon berezi hauetara ongi egokituko dira". Alonsoren ustez, "zentzu horretan, heldu askori haurrei baino gehiago eragingo diete". Pandemiaren ondorioak, beraz, ez dira oporretan joango, eta gure artean jarraituko dute. Egoerak eskatzen digunaz kontziente izatea besterik ez zaigu falta Gabon desberdinak biziko ditugula onartzeko, burua prest izan dezagun.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.