Gizartea
Gabonak
Zupiria: “Parrandan edo lagunekin hotel batera joateko debekatuta dago mugikortasuna”
L.Z. | EiTB MEDIA
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du gomendioak "oso argiak" direla, eta taldean leku batetik bestera joatea debekatuta dagoela, alegia, "bizikide ez direnekin batzea saihestu behar dugu".
-
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. ETBren bideo batetik hartutko artxiboko irudia
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du Gabonetara begira mugikortasuna malgutu duten arren, neurria ez dutela "parrandan edo lagunekin hotel batera joateko" hartu.
Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, Zupiriak gogora ekarri du indarrean dauden gomendioak "oso argiak" direla, eta taldean leku batetik bestera mugitzea saihestu nahi dutela, hau da, horien asmoa dela bizikide ez direnekin ahal den gutxien egotea.
Zupiriaren iritziz, kontua ez da inori errua botatzea, baina jakin badaki gazte talde asko abenduaren 30erako planak egiten ari direla, hotel batean jaiak igarotzeko asmoz-edo. "31n etxera joan nahi dute afaltzera, eta ondoren lagunengana itzuli. Elkarrekin bizi ez diren pertsonak dira, eta horietako edonor egon daiteke kutsatuta", adierazi du Derioko festa gogoan duela.
Bestalde, azaldu du badela lagunak bisitatzeko beste erkidego batzuetara mugituko den jendea ere. "Horrek ez du balio. Egun jakin batzuetarako malgutu ditugu murrizketak, baina bakarrik bizi den amona bisitatzeko, adibidez", gaineratu du.
Ildo horretan, berretsi du inork ez duela esan "parrandan edo hotel batera joan daitekeenik". "Arrazoia oso sinplea da. Familiarekin bizi gara, ez lagunekin. Gutako edonor egon daiteke kutsatuta, beraz, espero ez ditugun kutsatzeak gerta daitezke, eta hori da saihestu behar duguna", amaitu du.