Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEko farmaziek ez dituzte oraingoz covid-19a atzemateko probak egingo

L.Z. | EiTB MEDIA

Osasun sistema publikoak kanpoko laguntza beharko balu, botiketan testak egitea posible den ongi aztertzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

  • EAEko farmaziek ez dituzte oraingoz covid-19a atzemateko probak egingo

    Farmazia bat. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek ez dituzte covid-19 atzemateko probak egingo, oraingoz behintzat. Etorkizunean beharrezkoa izango balitz, erakunde zientifiko eta sanitarioen txostenen araberako erabakiak hartuko lituzkete.

Horixe da Eusko Legebiltzarrean ostegun honetan hainbat alderdiren artean adostu dutena. Besteak beste, EAJk eta PSE-EEk babestu dute ekimena, Iñigo Urkulluren gobernuak afera horri buruz duen iritzia argi utzita.

PP+Cs koalizioak zentsura mozio baten bidez bultzatu zuen eztabaida. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion plan bat abiatzea, test azkarrak egiteko orduan eta txertaketa kanpainan, erkidegoko farmaziek Osasun Sailari laguntza eman ahal izateko.

Mozioa, baina, gainerako alderdi guztiek errefusatu dute; Voxek salbu (abstenitu egin da). Nolanahi ere, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk aurkeztutako beste zuzenketa bat onartu dute.

Modu horretan, Euskadiko farmazeutikoei eskerrak eman dizkie Legebiltzarrak, pandemian egindako lanagatik, eta Jaurlaritzari eskatu diote osasun sistema publikoak kanpoko laguntza behar izatekotan, ongi aztertzea botiketan testak egin daitezken ala ez.

Azkenean, PP+Cs koalizioko legebiltzarkideek ere zuzenketa babestu dute, farmazien eta osasun sistema publikoaren arteko elkarlanari ateak irekitzen dizkiolakoan. Aldiz, Elkarrekin Podemos-IUk kontra bozkatu du, ez duelako inola ere ez zentzuzkoa ikusten probak osasun sistema publikotik kanpo egitea.