Itxi

Gizartea

Publireportajea

Gabonetan kontsumo arduratsua egiteko gakoak

Erosketa-betekada? Poltsiko mina? Zenbaki gorriak? Diagnostikoa: sukar kontsumista. Gehiegizko kontsumoaren aurka immunizatzeko ez dago txertorik, baina Kontsumobidek botikina aholkuekin eskaini du.

  • Erosketak on line

    Erosketak on line

Aurten, Gabonak desberdinak izango dira. Mugikortasuna mugatuta dago eta soilik senitartekoekin eta gertukoekin elkartzeko joan ahal izango da autonomia-erkidego batetik bestera; bilkura horietan, gehienez ere, 10 lagun elkartu daitezke. Janaria eta edaria erosteko garaian kontuan izan beharreko alderdia da hori, agian ez baituzu aurreko urteetan bezainbeste erosi beharko. Janariaz gain, egun hauetan opariak eta gabonetako apaingarriak ere erosten ari da jendea. Hori guztia mehatxu bat da diru-zorrorako. Zer egin dezakezu egun hauetan itolarrian ez ibiltzeko?

Plangintza funtsezkoa da egun berezi hauetan modu arduratsu eta seguruan kontsumitzeko, gehiegikeriarik egin gabe. Garrantzitsua da zentzugabeko gastuak egiten hasi aurretik aurrekontu bat prestatzea, behar duzunaren zerrenda bat egitea eta prezioak konparatzea. Ahal izanez gero, gainera, komeni da erosketak modu mailakatuan egitea, azken orduko prezio-igoerak eta jende-pilaketak saihesteko.

Planifika itzazu menuak eta gogoan izan, ziurrenik, beste urteetan baino gutxiago erosi beharko duzula, elkarrekin bil daitezkeen pertsonen edukiera mugatuta dagoelako kutsatzeak saihesteko. Erosi aldez aurretik ahal duzun guztia, eta izoztu. Gogoan izan tokiko eta sasoiko produktuen alde egitea beti. Produktuen etiketak irakurtzea behar-beharrezkoa da nondik datozen jakiteko eta Txinan edo Perun landatutako baina Nafarroan lataratutako zainzuririk ez erosteko, edo azukre huts diren elikagaiak ez hartzeko, edo palma-olioa dutenak, nahiz eta artisautzako produktu edo produktu naturaltzat saltzen diren.

Beste horrenbeste gertatzen da arroparekin edo adingabeentzako jostailu edo bideo-jokoekin. Etiketa irakurtzen baduzu, zer osagai dituen, non egina den eta jantzia nola zaindu behar den jakingo duzu; edo jostailuaren segurtasuneko oharrak, erabiltzeko jarraibideak eta gomendatutako adina zein den.

Erosi tokikoa

Online erosketak gorantz doaz, eta badirudi Internet dela opariak eta gainerako produktuak eskuratzeko tresna nagusia. Erosoa izan daiteke (baldin eta, gero, erositakoa itzuli behar ez baduzu), baina ez duzu izango zure auzoko liburu-dendan, arropa-dendan edo burdindegian lan egiten duten pertsonen gertutasun eta konfiantza hori. Gainera, ziur badutela zuk behar duzun hori, eta produktua unean bertan eraman dezakezu, itxaron behar izan gabe.

Hala eta guztiz ere online erostea erabakitzen baduzu, begira ezazu ea zure auzoko saltokiek Internet bidez saltzen ote duten. Merkatari askok WhatsApp bidez edo bestelako bitartekoren baten bidez ere saltzen dute. Zure auzoak toki bizia izaten jarrai dezala zure laguntzarekin ere.

Erreparatu erosketa webgune seguru batean egiten ari ote zaren, eta kontsumoko arbitrajeari atxikita ote dagoen.

Erosketa egin ostean, itzuli al dezaket produktua?

Kontsumobidetik behin eta berriz adierazten dute oso garrantzitsua dela, erosketa bat egin baino lehen, itzulketen politikari buruzko informazioa eskuratzea. Izan ere, saltokiek horren berri emateko betebeharra dute. Denda askotan dirua itzultzen dizute, erositakoa itzuli eta beste produktu bat har dezakezu, edo bale bat ematen dizute (betiere erosketa-tiketa baldin baduzu). Baina bene-benetan ez dute aldaketa edo itzulketarik onartu beharrik erosi duzun jertsea edo argazki-kamera ez delako izan bestearen gogokoa.

Onartzeko betebeharra izango dute baldin eta horretarako konpromisoa hartu badute; orduan soilik. Eta urteko gainerako sasoietan egiten badute, Eguberrietan ere baldintza horiei eutsi behar diete.

Internet bidezko erosketetan, aldiz, 14 eguneko epea duzu erositakoa itzultzeko, arrazoia justifikatu behar izan gabe. Kontuan izan salbuespenak izan badirela, hala nola neurrira egindako produktuak edo babesgarria kenduta duten diskoak. Horretaz gain, itzulketaren bidalketa-gastuak zuk ordaindu behar ote dituzun jakin beharko zenuke.

Kontsumitzaileen eskubideak

Eguberrietan oporrik hartzen ez dutenak zure eskubideak dira. Gogoratu:

·         Publizitatea loteslea da, iragarritakoa bete egin behar da; beraz, hobe duzu liburuxka edo email guztiak gordetzea.

·         Prezioetan BEZak sartuta egon behar du, beti.

·         Gorde erosketa-tiketa. Bermea baliatzeko eta, behar izanez gero, erreklamazioa egiteko aukera emango dizu. Produktu bat itzultzeko ere beharrezkoa izango zaizu.

·         Legezko bermea bi urtekoa da produktu berrien kasuan eta urtebetekoa, gutxienez, bigarren eskukoen kasuan.

Erosketak eta erosketa gehiago. Kontsumoa oinarrizko jarduera errepikakorra da. Egun hauetan itolarrian egon nahi ez baduzu, eta erosketekin leporaino bukatu nahi ez baduzu, egin aurretik hausnartu ezazu. Benetan behar al duzu? Zenbat aldiz erabiliko duzu? Ba al duzu etxean horren antzekorik edo berrerabil daitekeen zerbait? Horrela konturatuko zara dirua alfer-alferrik xahutzen ari ote zaren edo, aitzitik, kontsumo arduratsua egiten ari zaren.

 

Gabonetako menuak: modu arduratsuan jokatu