Gizartea
ASTRONOMIA
'Belengo Izarra' zeruan agertuko da gaur gauean, neguaren hasierarekin
EITB.EUS
Jupiter eta Saturno planeten arteko superkonjuntzioa da (inoiz baino gertuago izango dira) eta 2080ra arte ez dugu berriz ikusiko.
-
'Belengo Izarraren' kartela. Argazkia: Espainiako Elkarte Astronomikoen Federazioa
'Belengo Izarra' Jupiter eta Saturno planeten arteko superkonjuntzioa da, eta gaur (abenduak 21) ikusi ahalko da. Azken hilabeteetan pixkanaka hurbiltzen joan diren bi planetak euren arteko gutxieneko distantziara iritsiko dira gauean.
Konjuntzio bat gertaera astronomiko bat da, non bi astroren arteko distantzia oso txikia dirudien Lurretik behatuta. Planeten, Ilargiaren eta Eguzkiaren artean gerta daitezke (zeruan duten posizioa aldatzen duten objektuak baitira) euren mugimendu propioagatik edo Lurraren mugimenduagatik.
Zeruan ikusiko dugun Jupiter eta Saturnoren arteko hurbilketa fenomeno bisuala izango da. Bi planeten arteko distantzia fisikorik txikiena urriaren 12an izan zen, baina gure begietarako gaur gauean egongo dira inoizkorik gertuen.
"Jupiter eta Saturnoren arteko itxurazko distantzia 1/10eko gradua bezain txikia izango da, hau da, 6 minutuko arkua, Eguzkiaren edo Ilargiaren batez besteko diametroaren 1/5", azaldu du Alfred Rosenberg Kanarietako Astrofisika Institutuko (IAC) astrofisikari dibulgatzaileak. Hala ere, bi planeten arteko benetako distantzia, gutxi gorabehera, Lurraren eta Eguzkiaren artekoa baino bost aldiz handiagoa izango da.
Espainiako Elkarte Astronomikoen Federazioak dioenez, Jupiter eta Saturnoren arteko konjuntzioa 20 urtean behin gertatzen da, gutxi gorabehera, baina aurtengoa fenomeno berezia da, antzeko azken fenomenoa 1623an izan baitzen. Patrick Hartigan Riceko Unibertsitateko astronomoa haratago doa, 1226an izan zela esan baitu. 2080ra arte itxaron beharko dugu fenomeno honetaz gozatzeko berriro.
Jupiter eta Saturno planeta distiratsuak dira, eta, beraz, izar bezala ikusten dira tresna optikoen beharrik gabe. Fenomenoaren aurreko eta ondorengo egunetan, tresnarik erabili gabe ikusi ahalko dira zeruan, bata bestetik oso gertu; gaur, berriz, prismatikoak erabiltzea gomendatzen dute, biak bereizi ahal izateko.
Fenomenoari lotutako jarduerak erraztu eta bideratzeko, Espainiako Elkarte Astronomikoen Federazioak —Europlanet Society - Spain & Portugal Regional Hub-ekin, Astronomiaren Espainiako Elkartearekin, Astronomers Without Borders (AWB), The IAU Office for Astronomy Outreach (OAO) eta Nazioarteko Astronomia Elkartearekin (IAU) lankidetzan— bere webgunean jaso ditu "erraldoien topaketa" honen behaketaren parte hartzea sustatzeko, jarduerak egiteko eta baliabideak eskaintzeko antolatu diren hainbat behatoki, astronomo amateur eta unibertsitate.