Gizartea
Koronabirusa
Bi pertsona atxilotu eta 146 salatu dituzte osasun neurriak urratzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Donostian eta Ondarroan, eta 100 isun baino gehiago jarri ditu asteburuan. Nafarroan beste 46 pertsonari isunak jarri dizkiete foruzainek eta udaltzainek.
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu eta 100 isun baino gehiago jarri ditu asteburu honetan, osasun neurriak eta alarma egoerako murrizketak urratzea egotzita.
Larunbat arratsaldean emakume bat atxilotu zuten Ondarroan (Bizkaia), desobedientzia larria leporatuta; izan ere, identifikatzeari uko egin zion behin baino gehiagotan, Ertzaintza kalean edaten ari ziren pertsona talde bat identifikatzen ari zenean.
Aldi berean, hiru adingaberi isuna jarri zieten, Segurtasun Sailak ohar batean erantsi duenez.
Donostian beste pertsona bat atxilotu zuten bart. Ertzaintzak “pertsona talde handi bat” edaten harrapatu zuen 21:00ak aldera Alde Zaharreko Trinitate plazan.
Istiluetan 26 urteko gizon bat atxilotu zuten ertzainek, aginpidearen aurkako delitua, botila bat jaurtitzea egotzita. Era berean, beste gazte bat inputatu zuten, desordena publikoak leporatuta.
Istilu horien harira, Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak manifestazioa deitu du biharko, astelehena, 20:00etan, Konstituzio Plazatik hasita, Ertzaintzaren jokabidea salatzeko.
Esan dutenez, "manipulazio mediatikoa eta Poliziaren bortizkeria agerian gelditzen dira" zabaldutako irudien eta bideoetan. Hedabideen zein Poliziaren helburua "euskal gazteriaren kriminalizazioa" dela esan dute gazteek.
Beste salaketak
Bestalde, Bilboko bi tabernatan 40 bat salaketa jarri zituzten maskara ez erabiltzeagatik eta zutunik edaten ari ziren pertsonak segurtasun distantzia ez errespetatzeagatik.
Ortuellan, gauerdian, kalean maskararik gabe edaten ari zen talde bat salatu zuen Ertzaintzak. Auto baten alboan zeuden, musika “nahiko ozen” entzuten.
12 pertsonako beste talde bat salatu zuten Tolosan (Gipuzkoa), kalean edateagatik eta maskara egoki ez erabiltzeagatik.
Arrazoi berdinagatik, beste 11 pertsonari isuna jarri zieten Bergaran; gainera, “zarata egiten eta molestatzen” ari ziren.
Gasteizko txoko batean zortzi pertsona legez kanpoko festa batean harrapatu zituzten 01:30 aldera. Etxeratze-agindua urratzeagatik eta maskararik ez erabiltzeagatik espedientea zabaldu zieten.
46 salaketa Nafarroan
Bestalde, Foruzaingoak 42 pertsona salatu ditu asteburu honetan, osasun neurriak eta mugikortasun murrizketak urratzeagatik.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, salaketa gehienak kalean pertsona talde handiegiak osatzeagatik (15) eta etxeratze-agindua urratzeagatik izan dira (10).
Foruzaingoak 12 aldiz esku hartu behar izan du beste horrenbeste udalerritan.
Iruñean, Udaltzaingoarekin batera, Gazteluko plazan covid neurriak betetzen zirela egiaztatu dute ostalaritza terrazetan.
Berriozarren zenbait pertsona salatu dituzte Iruñalde kaleko etxebizitza batean zarata egiteagatik eta auzokoak molestatzeagatik. Alkotzeko etxabe batean, sei gazteri isuna jarri diete, osasun araudia urratzea egotzita.
Larunbatean Cordovillako merkataritza-gunean kontrola jarri zuten, aglomerazioen abisu ugari jaso ondoren. Saguesen gazteak elizatean edaten harrapatu zituzten.
Murchanten, gazte batzuek ez zituzten osasun neurriak errespetatu, eta Etxarri Aranatzen, taberna batean jendetza batu zen, eta itxi behar izan zuten.
Caparroson eztabaida beroan ari ziren zenbait pertsona salatu zituzten, baita Beran ere, non Elizondoko patruila bat bertaratu zen, bizilagunak molestatzen ari zirelako.
Bestalde, Eguesibarreko Udaltzaingoak Foruzaingoari laguntza eskatu zion, gazte batzuek Sarrigurengo etxebizitza batean festa bat antolatu zutelako. Barañaingo aintziran eta Iruñean, Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzuaren alboan, esku hartu behar izan zuten, bertan borrokak izan zirelako.
Festak Tuterako lau etxetan
Gainera, Tuterako Udaltzaingoak lau etxebizitzako jabeak salatu ditu. Pandemiak debekatutako festak egiten ari ziren, eta poliziei kontrol lana eragotzi zieten.
Udaltzaingoak azaldu duenez, jabeek etxeko atea zabaltzeari uko egin zioten, udaltzainak bertaratu zirenean. Festak auzokoak molestatzen ari ziren.
Azkenik, maskara ez erabiltzeagatik lau pertsonari isuna jarri zieten, baita ostalari bati ere, terrazen inguruko araudia urratzea egotzita. Mahaietan lau bezero baino gehiago zituen.