Gizartea
Koronabirusa
Kutsatze kopuruak okerrera egin du EAEn eta zerbait hobera Nafarroan
EITB.EUS
636 covid-19 kasu berri atzeman dira EAEn eta % 7,2ra igo da kutsatze tasa. 98 positibo izan dira Nafarroan, eta positibotasuna % 4,7koa izan da.
-
Osasun-langile bat, gazte bati PCR proba bat egiten. Argazkia: EFE
Atzo, 8.783 froga diagnostiko egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta haietatik, 636 positiboak izan ziren (% 7,2), Segurtasun Sailak kaleratu duen oharraren arabera.
Lurraldeka, 129 kasu berri atzeman dira Araban, 295 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako 3 kasu.
Ospitaleen egoerari dagokionez, covid-19aren ondorioz 63 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta covid-19a duten 112 pertsona daude une honetan ZIUn.
Astelehenera arte ez da berrituko herrietako informazioa ezta RO indizea ere.
Beste hildako bat adinekoen egoitzetan
Bizkaiko adinekoen egoitzetan beste pertsona bat hil da covid-19arengatik azken orduetan. Beraz, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuan 111 pertsona zendu dira Bizkaiko erresidentzietan.
Bestalde, Gipuzkoako hogei bat egoitzatan dagoeneko prest dituzte inguruko zenbait gune adinekoek "irteera eta ibilaldi seguruak" egin ditzaten. Iniziatiba Foru Aldundiak eta udalek jarri dute martxan, eta behar duten egoitzetara zabalduko da.
Kasu berrien beherakada Nafarroan
98 covid-19 kasu berri atzeman dira Nafarroan, aurreko egunean baino apur bat gutxiago (106 izan ziren).
2.071 proba egin ziren atzo, 985 PCR eta 1.086 antigeno test, eta positibo tasa % 4,7 izan da, Nafarroako Gobernuaren behin betiko datuen arabera.
Astelehenean 66 kasu berri atzeman ziren, eta astean zehar igotzen joan da kopurua: 86 asteartean, 88 asteazkenean, 106 ostegunean eta 98 ostiralean.
71 eta 94 urteko bi gizon hil ziren, gainera, eta aurreko egunetan hildako 86 urteko emakume baten heriotza ere jakinarazi zen. Hala, 919 pertsona hil dira Nafarroan, pandemia hasi zenetik.
Bestalde, 15 lagun ospitaleratu zituzten atzo, bat ZIUn. Une honetan, 162 pertsona daude ospitaleratua, horietako 22 zainketa berezien unitateetan.
Zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positibo berrien % 46, Tuteran % 28 eta Lizarran % 5. Gainerako positiboak ( % 21) Nafarroako beste eskualde batzuetan banatuta egon ziren.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen arabera, 45-59 urte bitarteko taldea da nagusi, kasuen % 26rekin, eta, ondoren, 60-75 urte bitarteko taldea dago, % 18rekin. Jarraian, 30 eta 44 urte bitarteko tartea, % 17rekin; 15 eta 29 urte bitarteko tartea, % 15ekin; eta ondoren, 15 urtetik beherakoak daude (% 13) baita 75 urtetik gorakoena ere (% 11).