Itxi

Gizartea

Epaiketa

Nieblaren erasotzailearen bikotekide ohiak esan du auzipetua "oso jeloskorra" zela

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Emakumearen esanetan, mutil-lagun ohiak askotan esan zion ezingo zuela jasan beste norbaitekin ikustea, eta horrelakorik gertatuz gero mutilari min egingo ziola.

  • Asier Nieblaren erasotzailearen bikotekide ohiak deklaratu du gaur

    Asier Nieblaren erasotzailearen bikotekide ohiak deklaratu du gaur. Argazkia: EFE

Asier Nieblaren heriotzarekin lotuta epaitzen ari diren gizonaren neska-lagun ohiak ostiral honetan deklaratu duenaren arabera, Urnietako gazteak "aurpegian" jaso zuen kolpea, "aurrez aurre". Adierazpen horri erantsi dio biktimak ezin izan zuela erasotzailea ikusi, eta, ondorioz, ezin izan ziola aurre egin. Erasotzaileari buruz gaineratu du "oso jeloskorra" zela.

Gipuzkoako Auzitegian egiten ari diren epaiketaren hirugarren saioan hartu du hitza Asier Nibela hiltzeagatik auzipetuta dagoen gizonaren bikotekide ohiak. Zazpi urteko harremana izan zuten, baina 2018ko abuztuaren 12an, Donostian erasoa gertatu zenean, dagoeneko ez ziren bikote. "Halere, kontrolatuta bizi nintzen", esan du gaurko saioan.

"Nire sare sozialak begiratzen zituen, lagun berriak ote nituen ikusteko, eta ez zitzaion gustatzen berarekin ez nengoenean egiten nuen ezer", adierazi du emakumeak. Dena den, argi utzi du inoiz ez ziola eraso fisikorik egin.

Emakumearen esanetan, mutil-lagun ohiak askotan esan zion ezingo zuela jasan beste norbaitekin ikustea, eta horrelakorik gertatuz gero mutilari min egingo ziola. Gainera, harremana hautsita zegoen arren, etxera deitzen omen zion eta inoiz lanera bila ere joan omen zitzaion.

Epaiketan aitortu du genero indarkeriagatik salaketa jarri zuela haren aurka. Horrekin lotuta, auzipetuaren abokatuak eskatu du emakumeak instrukzioko epaitegian egindako adierazpena berriro entzutea, "Asierri lagunduko badio, salaketa jartzeko prest nago" adierazi omen zuelako orduan.

Abuztuaren 12ko gauean, erasoa jazo orduko, "iskanbila" sortu zuen udaletxe aldameneko taxi geltokian erasotzaileak, haren neska-lagun ohiak zehaztu duenez. "Une horretan jarrera oldarkorra erakutsi zuen, emagaldu deitu zidan, eta nire lagun bati aurre egin zion", azaldu du.

"02:00ak aldera Asier Nieblarekin geratu nintzen. Kontxa alboko terraza batean zegoen lagun batzuekin, eta handik Perujuantxo kaleko taberna batera joan ginen guztiok. 05:00etan taberna kanpoan nengoen Asierrekin eta nire lagunarekin, eta bat-batean agertu zen korrika, eta aurpegian kolpe bat eman zion. Bazekien non jo, etxean boxeoa praktikatzen baitzuen", gaineratu du. "Asier lurrera erori zen, eta erasotzailea gainera bota zitzaion eta kolpe gehiago eman zizkion".

Adierazpen horrekin, beraz, atzo auzipetuak egindako deklarazioa gezurtatu du.

Aurretik, beste lau lekukok deklaratu dute, eta bertsio ezberdinak eman dituzte Asierrek jasotako kolpearen nolakotasunari buruz. Batzuen adierazpenak ez dira bat etorri instrukzioko epaitegian esandakoarekin.