Itxi

Gizartea

Gabonak

Ziurtagiri bat eskatuko dute Gabonetan Nafarroara sartzeko edo handik irteteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ostegunean iragarri zuten abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra baimenduko dituztela sarrerak eta irteerak erkidegoan, familiakoekin edo gertukoekin elkartzeko soilik.

  • Foruzaingoaren kontrola Nafarroako errepideetan

    Foruzaingoaren kontrola Nafarroako errepideetan. Argazkia: Twitter Foruzaingoa

Gabon festetan Nafarroatik irteteko edo hara sartzeko asmoa dutenek ziurtagiri batekin frogatu beharko dute joan-etorria, familiakoekin edo gertukoekin egoteko mugitu direla azaltzen duen agiria aldean eramanda. Horixe da, hain zuzen, Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak ostiral honetan emandako prentsaurrekoan aurreratu duena. Bart iragarri dute abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra soilik baimenduko dituztela sarrerak eta irteerak erkidegoan, Gabonak direla eta.

Artundok adierazi duenez, asmoa da ziurtagiria erkidego mugakideekin adostea. Herritarrek Gobernuaren webguneetan izango dute eskuragarri, Marian Nuin Osasun Publikoaren Institutuko zuzendari gerentearekin batera egindako agerraldian zehaztu duenaren arabera. "Gomendioak eta arauak errespetatu behar ditugu; kontrolak egongo dira errepideetan", esan du.

Osasun zuzendari nagusiak gogorarazi du Nafarroako erkidegoa itxita egongo dela, baina Gabon jaietan salbuespenak izango direla. Halere, hara sartzeko edo handik ateratzeko arrazoi bakarra eman du: Gabonetako bazkari edo afarietarako mugitzea. Ildo horretan, argi utzi du horri dagokionez ere arauak egongo direla: besteak beste, ezingo dira etxe berean bizi ez diren bi familia baino gehiago elkartu, gehienez 10 laguneko bilerak izan beharko dira eta 01:30 baino beranduago ezingo da kalean ibili.

Bestalde, bertan behera utzi dituzte jende asko batu ohi dituzten ekitaldiak. Dena den, herri batzuetan Erregeen kabalgata egingo dute, baina publikorik gabe. Hortaz, jendeak etxeko leihotik ikusi beharko ditu desfileak aurten. Errege Egunarekin lotuta, Artundok azpimarratu du ez dituztela, gainerako jai egunetan bezala, joan-etorriak baimenduko.

"Gabon ezberdinak izango dira, intimoagoak, gertukoagoak, luxurik gabekoak, autentikoagoak, datorren urtekoak ohi bezalakoak izan daitezen. Bien bitartean, ordea, zuhurtziaz jokatu behar dugu", erantsi du.

Neurri gehiago ere "malgutu" ditu Nafarroako Gobernuak. Umeentzako parkeetan edukiera % 50etik 75era handitu dute, eta akademia eta hoteletan % 40tik 50era.

Zinema aretoek, antzokiek, museoek eta erakusketa aretoek ere % 40tik % 50era handitu dute edukiera. Gehienez ere 200 pertsona batu ahalko dira barruko ekitaldietan, et 400 kanpokoetan.

Ostalaritza

Artundoren "ametsa" litzateke urte bukaerarako Nafarroan arriskua nabarmen jaistea, eta taberna eta jatetxeetan edukiera % 30etik % 50era handitzea. "Horrek hobeto gaudela esan nahiko luke, eta sektoreak lasaiago lan egin ahal izango luke", azaldu du.

Datuak

Marian Nuinek Nafarroan azken 24 orduetan jasotako datuen berri eman du. Guztira, 1.909 PCR eta antino proba egin eta 105 kasu berri atzeman dituzte, Positibotasun tasa, beraz, % 5,5ean kokatu da ostiral honetan.

Ospitaletan, berriz, 161 pertsona daude, covid-19ak jota; atzo baino 8 gehiago. ZIUn, 21 ospitaleratu daude, ostegunean baino 3 gutxiago.