Gizartea
Koronabirusa
Nafarroak mugak irekiko ditu abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxeratze-agindua 01:30ean ezarriko dute Gabon gauean eta Urtezahar gauean. Gainera, taberna barruan zerbitzua %30eko edukiarekin ematea baimentzeko prest agertu da Nafarroako Gobernua.
-
Jendea Iruñetik paseatzen. EFEren artxiboko argazkia
Gabonetara begira Nafarroak hartu dituen neurrien berri eman du Santos Indurain Osasun kontseilariak ostegun honetan, eta argi utzi du "zuhurtziaz" jokatzea dela gobernuaren lehentasuna. Horretarako, pixkanaka arinduko dituzte indarrean dauden neurriak, betiere pandemiaren bilakaerak eta ospitaleen egoerak hobera egiten badute.
Hartara, aurreikusitakoaren arabera, Nafarroa itxita egongo da agindu berria eman arte, baina salbuespenak ezarriko dituzte Gabon festetan, nafarrek senitartekoekin batzeko aukera izan dezaten. Horrenbestez, abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra mugak irekiko ditu Nafarroak.
Halere, 23:00etan etxeratzeko aginduari eutsiko diote, Gabon gauean eta Urtezahar gauean salbu. Bi egun horietan, 01:30era arte baimenduko dituzte joan-etorriak.
Gabonetako bilera pribatuak gehienez 10 pertsonakoak izan beharko dira, eta ezingo dira etxe berean bizi ez diren bi familiatik gora batu.
Taberna barruan kontsumitzeko aukera
Bestalde, arratsaldean ostalaritza sektoreko hainbat elkarterekin egindako bileran, Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak taberna eta jatetxe barruan zerbitzua eskaintzeko baimena ematea proposatu du, % 30eko edukierarekin.
Halaber, ordutegia 22:00ak arte luzatuko litzateke. Neurri berria datorren ostegunean, abenduaren 17an, jarriko lukete indarrean.
Horrez gain, establezimenduen aireztatze-sistema konprobatzea ezinbestekotzat jo du, kutsatzeak ekiditeko prebentzio neurri garrantzitsua baita. Egoeraren eta neurrien eraginkortasunaren arabera erabakiko dute neurriak gehiago malgutzea edo ez.
Nafarroako Gobernuak berretsi egin du helburua jarduera berreskuratzea dela, "betiere osasun-egoera eta irizpide epidemiologikoak kontuan hartuta". Ildo horretan, gogora ekarri du Nafarroan egoera apur bat hobetu bada ere, "arrisku handian" daudela.
Nafarroan bezala, EAEn ere konfinamendu perimetralak indarrean jarraituko du gutxienez urtarrilaren 11ra arte, nahiz eta ondoko egunetan mugak zabalik egongo diren: abenduaren 23tik 26ra bitartean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.