Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

1.687 heriotza eragin zituen covid-19ak EAEn maiatzera bitartean, INEren arabera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Estatistiken Institutu Nazionalaren arabera, 1.429 pertsona hil ziren covid-19az kutsatuta EAEn, eta 258, berriz, gaixotasuna hartu izanaren susmopean.

  • Osasun-langilea covid-19a duen gaixo batekin.

    Osasun-langilea covid-19a duen gaixo batekin. Artxiboko argazkia: EFE

Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) 1.687ra igo du urtarrila eta maiatza bitartean EAEn koronabirusak eragindako zein gaixotasuna hartu izanaren susmopean izandako heriotza-kopurua, Osasun Sailak jakinarazitako kopura baino 138 heriotza gehiago.

INEk ostegun honetan argitaratutako heriotza-kausaren araberako heriotzen aurrerapenean agertzen dira datuok. Bertan azaltzen denez, martxoa eta maiatza bitartean 1.429 pertsona hil ziren EAEn covid-19arekin, eta 258, berriz, koronabirus kasu susmagarriarekin.

Estatistikaren arabera, aldi horretan, guztira, 6.982 heriotza izan ziren EAEn, arrazoia edozein zela ere; beraz, covid-19aren susmopeko heriotzak hildako kopuru osoaren % 24,1 izan ziren.

Covid-19ari loturiko heriotza-tasa 64,4koa izan zen 100.000 biztanleko, Estatuko batezbestekoa baino baxuagoa: 68,8ko heriotza-tasa 100.000 biztanleko.

EAE izan zen, Nafarroa, Murtzia eta Errioxarekin batera, osasun- eta gizarte-egoitzetan koronabirusak eragindako heriotza gehien izan zituen erkidegoetako bat.

Estatuan, urtarrila eta maiatza bitartean, 45.684 pertsona hil dira koronabirusagatik edo covid-19arekin bateragarriak diren sintomak izateagatik. Espainiako Osasun Ministerioak urteko lehen bost hilabeteetan emandako datuekin alderatuta, 18.557 pertsona gehiago.