Gizartea
ARAUDI BERRIA
Nafarroako adinekoentzako egoitza berriek 130 pertsona hartuko dituzte gehienez
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarrako Gobernuak gizarte zerbitzuetako zentro berriak irekitzeko baldintzak ezartzen dituen dekretua onartu du. Desgaitasuna duten pertsonentzako zentroen kasuan, kopurua 70era jaitsi da.
-
Nafarroako egoitza bat. Artxiboko argazkia: EFE
Adinekoen egoitza berriek 130 pertsona hartu ahal izango dituzte gehienez, eta kopuru hori 70era jaitsiko da desgaitasuna duten pertsonentzako zentroen kasuan, pertsona ardatz duen arreta-eredua txertatzen duen araudi berriaren arabera: Helburua, pertsonen autonomia indartzea da.
Gainera, plaza horien % 80 banakako logeletan egongo dira; zentro berriek gehienez 16 pertsonako bizikidetza-unitateak izan beharko dituzte, psikogeriatrien kasuan, 12. Bestakde, arreta behar duten pertsona bakoitzeko langile-ratioak handitu egingo dira, zerbitzu-motaren eta langileen eginkizunen arabera.
Gizarte Eskubideen sailburu Maria Carmen Maeztuk foru dekretu berriaren nondik norakoak azaldu ditu (Nafarroako Boletin Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean), eta, esan duenez, arauak "aldaketa kualitatibo historikoa" ekarriko du, duela 29 urteko legedia eguneratuko baitu.
"Arreta-zerbitzuei dagokionez, mugarri baten aurrean gaude; izan ere, araudi berriarekin sistema "malguagoa" izatea ahalbidetuko du, erabiltzaileen beharrak kontuan hartuz eta haien beharretara eta bizitza-planetara egokituz" azaldu du sailburua. Horrek" aldaketa sakona ekarriko du Nafarroan dauden eta baimendu daitezkeen 552 zerbitzuen lan egiteko moduetan, kudeaketa-ereduetan eta egituran", gaineratu du.
Maeztuk azaldu duenez, proposatutako neurriek garrantzi berezia dute une honetan, etorkizunean ager daitezkeen covid-19aren antzeko egoeren aurrean segurtasun handiagoa eskaintzen dutelako.
Espazio berriak
Aurrerantzean, egoitzetako gehieneko plaza-kopurua mugatzeaz gain, azaleraren % 65, gutxienez, gehienez 16 pertsonako bizikidetza-unitateen inguruan egituratuko da. Etorkizuneko zentroek sukaldea, egongelak edo internet bezalako espazio komunak hartuko dituztela aurreikusten da, eta banakako logelen gutxieneko azalera 14 m2-koa izango da, eta 20 m2-koa, bikoitza denean.
Arauak zerbitzu motak arreta-modalitatearen arabera deskribatzen ditu, eta ez erabiltzaileen profilaren arabera, eta baldintza fisikoak, zerbitzu bakoitzak izan behar dituen oinarrizko prestazioak eta langileen ratioak ere ezartzen ditu.
Eskakizun berriek ez die gaur egun 13 000 pertsona inguru artatzen dituzten 525 egoitzei eragiten, baina, espazioei dagokienez, dauden zentroak araudira egokitu beharko dira etorkizunean egingo dituzten obretan. Filosofia berriari dagokionez, zentro batzuk arreta-eredu berria martxan jartzen ari dira dagoeneko.