Itxi

Gizartea

KORONABULOA

Ez, ez da egia edozein alergia duten pertsonei txertoa ez jartzea gomendatzen dutela

EITB.EUS

Erreakzioa izan zuten bi osasun-langileek adrenalina-autoinjektoreak edo EpiPen delakoak zeramatzaten soinean, aurretik erreakzio alergiko garrantzitsuak izan dituztela azaltzen dutenak.

  • Koronabirusaren aurkako txertoa.

    Koronabirusaren aurkako txertoa. Argazkia: maldita.es

Azken egunotan Erresuma Batuan edozein alergia duten pertsonei koronabirusaren aurkako txertorik ez hartzeko aholkua bolo-bolo dabil sarean. Hori, ordea, ez da egia. Oharrak alergia esanguratsu eta larriak dituzten pertsonak aipatzen ditu, hau da, erreakzio anafilaktikoen aurrekariak dituztenak edo horrelako erreakzio bat jasateko arrisku handia izateagatik adrenalina-autoinjektore bat gainean eramatea gomendatu zaienak.

Ez da, beraz, alergia duten pertsona guztiez ari. Gainera, Maldita.esek (Maldito Bulo atalaren bidez), koronabirusaren inguruko fake news-ak gelditzeko EiTBrekin harremanetan ari denak, bi kasu horien azalpen gehiago eman nahi izan ditu.

90 urteko emakume bat izan zen Pfizer farmazialari estatubatuarrak garatutako covid-19aren aurkako txertoa jaso zuen lehen pertsona Erresuma Batuan eta munduan.

Hala ere, lehen txertoa jarri eta 24 orduren buruan osasun agintariek alergia larriak dituzten bi osasun langileren kasuak jakinarazi zituzten; Pfizerren txertoa jaso ondoren, erreakzio handia izan zuten. Berehala artatu zituzten, eta ongi daude, baina agintariek alergia esanguratsuak dituzten pertsona guztiei momentuz ez txertatzea gomendatu diete.

Zer da "erreakzio alergiko esanguratsua"?

Erreakzioa izan zuten bi pertsonak NHSko (Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionala) langileak dira, eta adrenalina-autoinjektoreak edo EpiPen delakoak eraman ohi dituzte soinean, hau da, iraganean erreakzio alergiko handiak izan dituzte.

MHRA Medikamentuak eta Osasun Produktuak Arautzen dituen agentziak ohar baten bidez jakinarazi duenez, anafilaxi kasuez gain, beste erreakzio alergiko kasu bat ere egon daiteke immunizazioaren ostean. "Anafilaxia bigarren mailako efektu ezaguna da, baina oso arraroa, edozein txertoren kasuan. Pertsona gehienek ez dute anafilaxirik izango, eta pertsonak covid-19tik babesteak arriskuak gainditzen ditu ", adierazi du June Raine MHRAko buruak. Gaixoek tratamendu azkarra jaso zuten eta sendatzen ari dira, erakunde horren arabera.

MHRA-k eguneratutako aholkuen arabera, txerto, sendagai edo elikagai baten berehalako anafilaxi-historiala duen orok hobe du oraingoz Pfizerren txertoa ez jasotzea. Halaber, lehen dosiaren ondoren anafilaxia izan dutenei txertoaren bigarren dosi bat ez ematea ere gomendatu du.

Gainera, txertoa jasotzen dutenak txertoa hartu ondoren 15 minutuz monitorizatuta egon beharko dutela uste du Erresuma Btuko agentziak, eta behaketa luzeagoa egin beharko zaie behaketa klinikoak hala uste badu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.