Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Antigenoen testean positibo eman duten ospitaleratuak zenbatzen hasi da Osakidetza

EITB.EUS

Orain arte, PCR proban positibo ematen zutenak soilik hartzen zituen kontuan ospitaleratuen datua ematerakoan. Zenbaketa berriaren arabera, 254 erietxeratu gehiago izan dira bi astean, 513 guztira.

  • Donostia Ospitalearen sarrera nagusia

    Zenbaketa berriaren arabera, 254 erietxeratu gehiago izan dira bi astetan. Artxiboko argazkia: EFE

Osakidetzak koronabirusagatik ospitaleratutakoen kopurua zuzendu du eta, kontaketa berriaren arabera, orain arte zenbatu gabeko 254 erietxeratu gehiago izan dira bi astean. Gaur gaurkoz, 513 gaixo daude covid-19arekin Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan. Lehen, PCR proban positibo ematen zutenak soilik hartzen zituen kontuan ospitaleratuen datua ematerakoan, eta aurrerantzean antigenoen testean positibo eman dutenak ere kontuan hartuko ditu.

Koronabirusari buruzko azken datuen arabera, positibo tasa % 5,5ra jaitsi da. Abenduan % 6aren azpitik kokatzen den hirugarren aldia da.

Azken orduotan 450 positibo berri zenbatu dituzte eta 513 gaixo daude covid-19arekin EAEko ospitaleetan.

Udalerrietako intzidentzia aintzat hartuta, Arrigorriaga, Eibar, Ermua, Arrasate eta Ordiziak eremu gorrian jarraitzen dute.

Osasun Saila: "Ospitaleko datuetan izandako akatsak ez die eragiten covid-19aren adierazleei"

Osasun Sailak ziurtatu duenez, covid-19ari buruz eguneroko aldizkarian jasotako ospitaleratzeei buruzko "akatsak" ez du pandemiaren bilakaerari buruzko "adierazleen kalkulua" oztopatzen, eta akats hori (ospitaleratutako pertsonen kopurua handitzen duena) azaroaren 15etik edo 16tik gertatu da.

Osakidetzak atzo iragarri zuenez, aldatu egin da gela arruntetan ospitaleratutakoen kopurua, PCR positiboa zuten gaixoak bakarrik zenbatzen baitziren, eta ez antigenoen testarekin diagnostikatutakoak. Ondorioz, 127 ospitaleratu gutxiago zenbatu dira.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Iñaki Berraondo sailburuordeak agerraldia egin dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean, pandemiaren bilakaeraren berri emateko, eta "datuen erauzketan egindako akats" hori (prozesu "automatizatua" dena) aipatu dute, "atzeman bezain laster" zuzendu dutena.

Nolanahi ere, Sailaren eguneroko buletinak "informazio publikorako" funtzioa duela azaldu dute, eta ez kudeaketakoa. Halaber, erabakiak hartzerakoan "datuak eguneratuta daude", azpimarratu dute. Gainera, akatsak ez du eraginik ZIUen kalkuluan, pandemiaren bilakaerari buruzko adierazleetako bat baita, gaineratu dutenez.

Sagarduik esan du, halaber, covid-19ak beheranzko joerarekin jarraitzen duela, baina motelduta, eta kutsatzeen kopuruak "altua" izaten jarraitzen duela. Hori dela eta, adierazi du beharrezkoa dela "zuhurtasunari" eustea, txertoa EAEra iritsi arte. "Oraingoz itxaron egin behar da; pazientzia eskatzen dut", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.