Gizartea
Koronabirusa
MOE: "Arrakasta izateko herritarren onarpena beharko du txertoak"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Txertaketak bizitzak salba ditzake; beldurrak, aldiz, arriskuan jartzen ditu", nabarmendu du Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen Europako zuzendariak.
-
Erizain bat emakume bati txertoa jartzen. Argazkia: EFE
COVID-19aren aurkako txertoak arrakasta izan dezan bi faktore bete behar direla esan du ostegun honetan Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE): alde batetik, herrialdeak horretarako prest egotea; bestetik, herritarrek txertoan konfiantza izatea.
"Txertoaren ideia zoragarria da, baina ezingo du erabateko arrakasta izan behar bezala prestatzen ez badute eta gizarte osoak onartzen ez badu", ziurtatu du prentsaurreko batean Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen Europako zuzendariak.
200 txertotik gora probatzeak eta horietatik 50 dagoeneko entsegu fasean egoteak "jokoaren arauak" alda ditzake, eta epidemiaren fase bizi hau zarratzen lagun dezake, betiere osasun publikoarekin lotutako beste faktore batzuk ahaztu gabe. Halere, txertoa heldu arte beharrezkoa izango da babes neurriekin jarraitzea, besteak beste, musukoekin.
Klugek azpimarratu du txertoen banaketa "oso mugatua" izango dela hasieran. Horregatik, herrialdeek aurretik erabaki beharko dute txertoa jartzeko orduan nori eman lehentasuna. Ildo horretan, berretsi du MOEren gomendioa dela osasun eta gizarte langileak eta 60 urtetik gorakoak lehenestea.
Alabaina, gogora ekarri du ikerketa askok erakutsi dutela zenbait herrialdetan biztanleen % 50 inguruk txertoaren gaineko zalantzak dituztela. "Onarpena ezinbestekoa da; bila dezagun informazio fidagarria", adierazi du.
"Txertaketak bizitzak salba ditzake; beldurrak, aldiz, arriskuan jartzen ditu", nabarmendu du Hans Klugek.